Elizaren immatrikulazioak bertan behera uzteko eskatu dute Donostian
Berreskuratuz plataformak deituta, 30 bat lagun Artzain Onaren katedralaren aurrean elkarretaratu dira asteazken arratsaldean, Eliza katolikoak urte luzez egindako immatrikulazioak “bertan behera” gelditu behar direla aldarrikatzeko. Ez dira 1.000. 100.000 dira lelopean mobilizatu dira, Elizak berriki egin duen aitorpenari erantzunez. Izan ere, 1998tik 2015era immatrikulatu zituzten ia 35.000 ondasunetatik, 1.000 inguru itzultzeko aukera aztertzeko prest agertu da Eliza. Ordea, Berreskuratuz plataformak nabarmendu du ondasun immatrikulatuak 35.000 baino gehiago direla, 1998. urtearen aurretik ondasun ugari immatrikulatu baitzituen Elizak; plataformaren kalkuluen arabera, 100.000 inguru.
Donostian, bi ondasun ageri dira 35.000 ondasuneko zerrendan: Hipika bideko 91. zenbakiko lursail bat, bere garaian parrokia bat zuena, eta Antiguako San Sebastian Martir eliza. Berriki, Donostiako Elizbarrutiak esan du ondasun horiek “zuzenki erregistratuta” daudela. Horrez gain, ordea, Berreskuratuz plataformako Jesus Gonzalezek hedabide honi azaldu dionez, Elizak Artzain Onaren katedralaren lursaila ere immatrikulatu zuen 2011n; lursail hori udalarena zen, eta 1887an Elizari utzi zion, erabilera erlijiosoa emateko eta erabilera hori bertan behera utziz gero, lursaila udalari itzultzeko konpromisoarekin.
Immatrikulazio bat aurretik erregistratu gabeko ondasun bat lehen aldiz erregistratzea da, eta Jose Maria Aznarren gobernuak 1998an ezarritako hipoteken legeari esker, Espainiako Eliza katolikoak 35.000 ondasun higiezin immatrikulatu zituen 2015era arte. Zegokion gotzainaren sinadura batekin soilik egin zezakeen hori elizak, oso diru gutxi ordainduta. Ordea, Berreskuratuz plataformak azaldu du Eliza 1946an, Francoren garaian, hasi zela ondasunak immatrikulatzen, eta salatu du horietaz ez dela hitz egiten. Era berean, kritikatu dute Espainiako Gobernuak iazko otsailean argitaratutako 35.000 ondasunen zerrenda horretan ezin direla ondasunak identifikatu, erantsitako eraikin gisa immatrikulatutakoak “ezkutatzen” dituela eta gobernuaren konpromisoen “aurka” doala.
Izan ere, PSOEk eta Unidas Podemosek sinatutako gobernu akordioan dago Elizaren immatrikulazioak bertan behera uzteko eta ondasun horiek berreskuratzeko konpromisoa, baina Berreskuratuzen arabera, ez dira hori betetzen ari. Ildo horretatik, “bereziki” 1978tik, Espainiako Konstituzioa indarrean sartu zen urtetik aurrera egindako immatrikulazioak bertan behera uzteko eskatu dute. Izan ere, urte horretatik aurrera estatua “akonfesionala” izatera pasa zen. Era berean, 1946tik egindako immatrikulazioak ere “sakon ikertzeko” eskatu dute.
Carmen Calvo, Jose Manuel Rodriguez Uribes, Teresa Delgado, Juan Carlos Campo, Miquel Iceta, Felix Bolaños eta Pilar Llop ministroei bilerak eskatu dizkiete Berreskuratuzekoek, gaiari buruz hitz egiteko. Ordea, ez diete erantzun, eta orain zuzenean Pedro Sanchez Espainiako presidenteari eskatu diote bilera “behintzat” euren eskakizunak entzun ditzan. Bestalde, nabarmendu dute gobernuak pausorik ematen ez badu, eurek “borrokatzen” jarraituko dutela.