Ikatz kaleko bi tabernatako banderak lapurtu dituzte, eta Herriak salatu du "gorroto ekintza" bat izan dela
Herria Kultur Elkarteak salatu duenez, igande gauean Parte Zaharreko Ikatz kaleko bi tabernaren kanpoaldeko banderak lapurtu zituzten. Diotenez, ez da lehenengo aldia: “Duela aste gutxi, gauza bera egin zuten. Auzokide batzuk izan ziren ‘ekintza’-ren lekuko: zazpi pertsona inguruk erakunde politiko eta sozialen kartelak eta banderak amorruz kendu zituzten”.
Era berean, “gorroto ekintza” bat izan dela salatu dute: ” Haserretzen gaituena ez da kaltea bera, jarrera politiko jakin batzuekiko gorrotoak eraginda jarduten duten pertsona horien jarrera baizik. Gorroto delitutzat har liteke?”. Horrez gain, kritikatu dute ekintza horiek egiten dituztenek badakitela “polizia patruilaren bat ikusiz gero, ez zaiela ezer larririk gertatuko”.
GKSren salaketa
Donostiako Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) ere gertakariak salatu ditu, eta gehitu du banderez gain, propaganda politikoa ere kendu zutela: “Zortzi pertsonako talde bat Ikatz kalean sartu zen, eta inor ez zegoela ikusita, kalean bertan zegoen propaganda politiko guztia eraso zuten”.
Igande gauean 8 pertsonako talde bat Alde Zaharreko Ikatz kalean sartu zen eta inor ez zegoela ikusita, kalean bertan zegoen propaganda politiko guztia erasotu zuten (banderolak, pegatinak, kartelak…) pic.twitter.com/kBdc1llg2K
— Donostiako GKS (@GKS_Donostia) February 15, 2022