"Ohore handi bat da niretzat kaldereroetako erregina izatea"
Asteartean, Donostiako Udalak eta Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionaleko kideek aurtengo kaldereroak aurkeztu zituzten. Asteburu honetan ospatuko da kaldereroen festa, eta Konpartsa Tradizionala larunbatean, hilaren 19an, Zuloaga Plazatik abiatuko da 18:45ean. Aurten, 50 urte betetzen dira kaldereroen festaren antolakuntza udalaren babespean egiten dela. Horregatik, eta bizi dugun osasun egoera dela eta, aurtengo festa “berezia” izango dela azaldu zuten antolatzaileek. Aitzpea Leizaola konpartsako kidea eta Ardatza tribuko burua da, eta aurten, kaldereroetako erregina izango da.
Zenbat urte daramazu kaldereroen konpartsan parte hartzen?
Ez dut ongi gogoratzen. Txikia nintzenean parte hartu nuen kaldereroetan, gerora, hainbat urtez kanpoan bizi izan naiz eta ez dut pare hartu. Baina duela hamar urte inguru hasi nintzen berriz irteten. Ez naiz beti tribu berarekin atera, baina azken urteetan Ardatza tribuarekin atera naiz.
Aurten urte “berezia” izango dela diozue.
Pandemiak goitik behera aldatu ditu gure bizitzak eta neguko festei dagokionez, iaz ezin zan genituen ospatu. Duela bi urte, ordea, aurrera eraman ziren, baina ez genekien horrelako zerbait etorriko zitzaigunik. Horregatik, orain, oso pozik gaude eta gogo handiz aterako gara larunbatean. Hala ere, osasun egoera ez dago gaindituta eta hori ez dugu ahaztu behar. Baina aldi berean, garrantzitsua da elkartzeko beharra ere dagoela kontuan hartzea. Horrek bat egiten du inauterien funtsarekin, komunitatea trinkotzeko ospakizunak baitira.
Gizon-emakumezkoek osatzen duzue konpartsa, eta emakumeak zarete gehiengoa. Azken urteetako joera da hori?
Konpartsa Tradizionalean, azken 20 urte inguruan konstante bat da hori. Hasiera batean, emakumezkoen aldetik zartagina jotzeko eta kantatzeko gogoa erakutsi zen eta eskaera bat egon zen. Horrek ekarri zuen konpartsaren ezaugarri nagusia dena: gure konpartsa parekidea da.
Une horretatik, emakumezkoak oso aktiboak izan garela eta gaur egun ere, izaten jarraitzen dugula ikusi dugu. %55a gara emakumezkoak eta presentzia hori oso garrantzitsua da. Belaunaldi ezberdinetako emakumeak baitaude. Oso gazte sartu berri direnak ditugu batetik, eta helduak eta nagusiak, bestetik.
Zalantza ugari izan dira kaldereroen konpartsaren eta dataren inguruan. Nola bizi izan duzue prozesua?
Hasiera batean, datarekin bueltaka aritu ginen. Izan ere, normalean otsailaren lehen asteburuan ateratzen gara eta egoera dela eta, bi aste berandutzea erabaki zen. Zalantza asko izan ditugu, eta tribu bakoitzean galdetu zen gaiaren inguruan. Uste genuen, agian, ez zela jende asko animatuko, baina argi geratu da jendea gogotsu dagoela. 300 pertsona inguruk parte hartzea espero da.
Erregina izango zara larunbateko konpartsan, zer esanahi du horrek zuretzat?
Oso berezia da, ez nuen inola ere espero. Ohore handi bat da niretzat Kaldereroerako erregina izatea, bereziki bizi dugun egoeran. Konpartsan barrura begirako ariketa egitea erabaki zen. Azken urteetan, tribu buruak elkartu eta erregina eta damentzako proposamenak egiten genituen. Erabaki ostean, pertsona batzuk gonbidatzen ditugu aipamen berezia egiteko. Iaz, ezin izan genituen kaldereroak ospatu eta festa bera trinkotzeko asmotan, tribu buruetako batzuk aukeratzea planteatu zen. Ni izango naiz erregina, eta Gaztelubide elkarteko Ander Garmendia eta Union Artesanako Juanjo Perez izango dira damak. Ardura handia da, baina oso pozik nago.
Larunbatera begira jarriz, zer espero duzue?
Ondo pasatzeko asmoz joango gara. Egia da aurten entsegu bakarra izango dugula. Aurreko urteetan entsegu gehiago egin izan ditugu, guretzako garrantzitsuak baitira. Entseguak ez dira soilik abestiak gogoratzeko, urtean zehar ikusten ez duzun jendearekin edo beste testuinguru batean ikusten duzun jendearekin elkartzeko une garrantzitsu bat ere badira. Horrez gain, hasiera batean ez zegoen argi kanpamendua egiteko aukera izango genuenik, eta gero posible izango ez zela esan ziguten. Osasun egoerak hobera egin duenez, gauzak pixka bat aldatu dira. Horregatik, Konstituzio Plazan kanpamendua egingo dugu eta Musika eta Dantza Eskolako bandak taula gainean joko du. Oso momentu ederra izango da hori.