"Aukera bakarra dago: erostea. 40 urte ez dira horrenbeste!"
Egun batean gaztea zara eta hurrengoan 40 urteko hipoteka bat sinatu duzu, eta zure kezka nagusia komunean jarriko duzun azuleju berria da. Horietakoa zara? Ez bazara horietakoa, ziur baten bat ezagutzen duzula. Atzean Zuloaren azken bideoa (Etxejabea) ikusi, eta ziur zure inguruko norbaitekin (edo zeure buruarekin) gogoratzen zarela.
Atzean Zuloaren etxejabeak dio beti esan izan duela ez zuela etxea erosi behar: “Nondik aterako ditut nik 400.000 euro?”. Jakina, ez da edozein etxerik konformatzen. Ordea, inoiz bisitatu ez zuen izeba bat hil ondoren, bere gurasoek dirua jaso zuten, eta diru horrekin, etxe baten sarrera ordaintzen lagundu zioten gurasoek. Meritokrazia eta horrelakoak.
Alokairuan bizi zenean pasatakoak ez ditu ahazten etxejabeak, eta hipotekarena aukera onena denarekin bere burua konbentzitu nahi du: “Nola dago alokairua Donostian? 1.000 eurotik behera, ezer ez. Aukera bakarra dago: erostea. 40 urte ez dira horrenbeste!”. Okupazioaren tresna erabiltzea ere pentsatu zuen bere garaian etxejabe honek: “Okupatzea ere pentsatu dut, eta badakit beste askori ere okurritu zaiela. Horregatik, lehenengo erosketa, alarma”. Bat-batean, beste bandoan dago. Argi dauka, etorkizunean Londresera bizitzera joan nahi badu, hemengo etxea “alokairuan jarri, eta kito! Edo Airbnb-n!”. Erabat murgildu da beste bandoan, komunitateko presidente izateak ere “ilusioa” egiten dio!
Bosgarren denboraldia
Bosgarren denboraldian murgilduta dago Atzean Zuloa, eta berezitasun gisa, denboraldia osatuko duten hamar bideoetatik bat ikusleen esku utzi dute. Hau da sareetan bota zuten galdera: “Zein pertsona mota irudikatu beharko genuke datorren denboraldi honetan?”. Proposamen guztien artean, Mikel Marrazki erabiltzaileak irabazi du, “parrandan beti besteek liatzen dutelako atertzen dena, baina beti azkena erretiratzen dena”.
Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua aktore donostiarrek gorpuzten dituzte Atzean Zuloaren pertsonaiak. Bagera elkarteak Hiru Damatxo ekoiztetxearekin batera sortutako ikus-entzunezko proiektua da, eta 2018an hasi ziren umorezko esketxak egiten. Bosgarren denboraldiko beste hiru bideo argitaratu dituzte dagoeneko: Kriptoanaia, Konkistatzailea eta Landarezalea.