Gernikako arbolaren kimu bat landatuko dute Donostian
Gernikako arbolaren kimu bat landatuko dute Amara Berriko Araba parkean, martxoaren 5ean. Landaketa ekitaldia 12:00etan egingo dute, Maria Kristina Espainiako erreginaren estatuaren ondoan, eta Eneko Goia alkatea, udalbatzako gainontzeko kideak eta beste euskal erakundeetako ordezkariak egongo dira.
Udalak Bizkaiko Batzar Nagusiei eskatuta –arbolaren arduradunak dira– landatuko dute kimua, leku berean beste kimu bat landatu baitzen 1906an, baina ez zuen aurrera egin, eta udalak berreskuratu nahi izan du. Hain zuzen ere, 1906ko uztailaren 8an, Euskal Jaien harira, kimu bat landatu zuten Araba parkearen inguruan, garai hartan Urumea pasealekua izena zuen gunean; garai horretan jarri zioten Gernikako Arbolaren pasealekua izena, gaur egungoa. Kimu horrek, aldiz, ez zuen aurrera egin, handik hamar urtera hil baitzen. Horregatik, leku berean landatuko dute kimu berria.
Araba parkean landatu dutenarekin, Donostiak Gernikako arbolaren lau kimu izango ditu aurrerantzean: bi Miramon inguruan –EITBren egoitzan, Donostiako Ateneoko arduradunak emanda, eta Eureka! Zientzia Museoaren kanpoaldeko lorategian, Kutxaespazioak berak eskatuta– eta bat Antiguako Ekintza ikastolan.