Sarebeko etxebizitzak publikoak izan daitezen eskatu du Elkarrekin Donostiak
Elkarrekin Podemos IUk ekimen bat abiatu du estatu mailan eta Kongresuari ikerketa batzorde bat sortzeko eskatu dio, Sareb erakundearen kudeaketak eragindako galera “izugarriak” argitzeko eta bere jabetzako etxebizitzetan kaleratzeak gelditzeko. Kanpainarekin, Sareb etxebizitza eskubidea bermatzeko tresna publiko bihur dadin eskatu nahi dute. Izan ere, “banku txarra” izenez ezagutzen dena laster titulartasun publikokoa izango da.
Horrez gain, eskaera Eusko Legebiltzarrean, Batzar Nagusietan eta udaletan egin dute, baita Donostiako Udalean ere. Aitzole Araneta bozeramailak ondorengoa adierazpena erregistratu du udalean: “Orain arte, Sarebek bankuen eta higiezinen sektoreak galerak sozializatzeko baino ez du balio izan. Donostian, Sareben jabetzako eraikin bat dugu, putre-funts batek kudeatua, eta bizilagunei hamaika buruhauste ekarri dizkien eraikina husteko eta negozio inmobiliario ikaragarria egiteko. Ez da bidezkoa alde batetik, pisu horien kudeaketarekin dirua irabazten duten enpresak egotea, eta bitartean galerak guztion artean ordaintzea. Gainera, Donostian bizi dugun etxebizitzaren arazo itzela kontuan hartuta, egokiena da Sareben jabetzako etxebizitza horiek etxebizitza publiko babestuak bihurtzea”.
Egia kaleko 22. zenbakia da Sareberen jabetzako Donostiako eraikina. Bertako bizilagunak kaleratze arriskuan daude. Izan ere, erakundeak ez dizkie alokairu-kontratuak berritu nahi eta kontratuak amaitu ahala kanporatuak izango direla jakinarazi zieten. Egia 22ko Etxebizitza Asanbladak mobilizazioak egin ditu azken hilabeteetan, ziurgabetasun egoeran daudela salatuz eta kaltetutako pertsonen alokairu kontratuak berritzeko eskatuz.