Xabier Atristain presoaren zigorra eten dute, eta behin-behinean aske utzi dute
Xabier Atristain euskal preso donostiarra ostegun arratsaldean atera da Martuteneko espetxetik, behin-behinean aske gelditu ostean. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilaren 18an ebatzi zuen Espainiak “prozesu justu eta ekitatezkoa” izatea eragotzi ziola Atristaini, inkomunikatuta izan zutenean ez ziotelako konfiantzazko abokatu bat aukeratzen utzi, ezta ofiziozkoarekin modu konfidentzialean hitz egiten utzi ere. Horrela, Espainiako Auzitegi Nazionalak donostiarraren zigorra etetea erabaki du, Auzitegi Gorenak Estrasburgoko sententziaren inguruko ebazpena atera arte.
Urtarrilean, Estrasburgoko ebazpenaren berri izan zutenean, Atristainen defentsak helegitea aurkeztu zuen Gorenean, Estrasburgoko sententzia bete zedin. Hain zuzen ere, zigorra bertan behera uzteko eskatu zuen donostiarraren abokatuak, eta hala egitea erabaki du Auzitegi Nazionalak, behin-behinean. Orain, Gorenak erabaki beharko du behin betiko utziko duen aske ala ez. Momentuz, behin-behinean aske dagoenez, honako baldintzak bete behar ditu Atristainek: bizileku jakin bat izan behar du, edozein aldaketa komunikatu behar du, pasaportea entregatu behar du eta ezin du Espainiako Estatuko lurraldetik baimenik gabe atera.
Torturapeko inkomunikazioa
ETAko kide izatea leporatuta atxilotu zuten Atristain, 2010eko irailaren 29an. Torturapean egindako deklarazioetan, Atristainek bere burua hainbat ekintzatako erruduntzat jo zuen. Gainera, jarri zioten ofiziozko abokatua hainbatetan saiatu zen donostiarrarekin harremanetan jartzen, baina Guardia Zibilak inkomunikatuta zegoela esan zion; egoera ikusita, abokatuak uko egin zion Guardia Zibilaren aurreko deklarazioa sinatzeari. Orduan, bi urte egin zituen behin-behinean preso, 2012ko irailean aske utzi zuten arte, epaiketa egin arte. Ordea, 2013an hamazazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta espetxera eraman zuten berriz; Estrasburgoko ebazpena gabe, 2027ra arte egongo litzateke preso. Hasieran Murtzia II espetxean izan zuten (830 kilometro), baina 2019an Soriara gerturatu zuten (260 kilometro) eta 2020ko urrian Euskal Herriratu zuten, Martutenera ekarrita.
Atxilotu bezain laster inkomunikatu zuten, Auzitegi Nazionalaren arabera, lehergaiak aurkitzeko ikerketa oztopatu zezakeelako. Horrela, inkomunikatuta zegoenean torturak jasan zituela salatu zuen Atristainek: kontatu zuenez, poltsa “askotan” egin zioten konortea galdu arte, goma aparrarekin biltzen zuten, bi aldiz botaka egin zuen eta, horren ondorioz takikardiak zituenez, botika bat eman zioten. Era berean, tortura psikologikoak ere salatu zituen, neska laguna atxilotzeko mehatxua egin ziotelako.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Atristainen eta berarekin batera atxilotutako Juan Carlos Besanceren atxiloaldia salatu zuen, eta bi presoek pairatutako torturak kontatu zituen taldeak: “Autoan poltsa jarri zioten buruan, oso estu, arnasarik gabe utziz ia itotzeraino. Bi aldiz galdu zuen konortea Madrilera bidean. Argi du guardia zibilek asko kontrolatzen zutela noiz arte eduki poltsa buruan, noiz galduko zuen konortea, eta abar. Madrilera iritsi bezain laster hasi ziren galdeketa luzeak, guardia zibil askoren parte hartzearekin, abokaturik gabe, erabat legez kanpokoak. Poltsa askotan jarri zioten buruan, estutuz, arnasarik gabe uzteraino. Bi aldiz botaka egin zuen, ez zuen ezer botatzeko, eta behazuna botatzen zuen. Goma aparrarekin biltzen zuten, izerditan blai zegoela buruan poltsa jartzen zioten. Ondoren ur hotza botatzen zioten sekulako kontrastea eraginez. Bi aldiz takikardiak izan zituen, eta botika eman zioten, lasaigarriak edo. […]. Buruan zerbait beroa eman ziotela nabaritu zuen. Orain azala joana du buruko zati batean. Bost egunez ez du lorik egin, ezta jan ere”.
Estrasburgoko sententziak dio “automatikoki” ezarri ziotela inkomunikazioa, eta Auzitegi Nazionaleko epaileak “argudio generikoak” erabili zituela Atristaini abokatua aukeratzen ez uzteko. Era berean, epaiak dio abokatua aukeratzen utzi ez izanak ondorengo prozesu penalaren “ekitatea hautsi” egin zuela, “akusatuaren lehenengo deklarazioa proba gisa onartu” zelako. Orain, Espainiak 20.000 euro ordaindu beharko dizkio preso donostiarrari kalte ordainetan, Giza Eskubideen Europako Akordioaren 6.1 eta 3c artikuluak hautsi izanagatik; hain zuzen ere epaiketa justu eta ekitatezko bat izatea ez bermatzeagatik eta defentsa eskubidea eta abokatua libreki aukeratzea ez bermatzeagatik.
Atristainen abokatu Zigor Reizabalen arabera, “aurrekari oso garrantzitsua” izan daiteke Estrasburgoko ebazpena, antzeko egoera bizi duten beste euskal presoei ere aplikatu beharko litzaiekeelako, eta asko daude egoera horretan. Era berean, abokatuak deritzo Espainiari ezarritako zigorra “oso larria” dela, baina “positiboa” ere badela, estreinakoz esan dutelako hain argi urratu egin dela atxilotu batek bere abokatua edukitzeko eskubidea.