1.502 istripu gertatu ziren 2021ean Donostian, pandemia aurretik baino %4 gutxiago
Donostiako Udalak 2021ean hirian gertatutako istripuen datuak eman ditu: 1.502 istripu gertatu ziren guztira, 2020an baino %9,7 gehiago, baina 2019an baino %4 gutxiago. Aintzat hartu behar da 2020an konfinamendua izan zela hiru hilabete inguruz, eta zirkulazioa mugatuta egon zela hainbat hilabetez. Martin Ibabe Herri Segurtasuneko zinegotzia eta Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotzia pozik agertu dira datuarekin. Hiri barruan gertatutako istripuen datuak dira, Udaltzaingoaren esku hartzea izan dutenak. Zinegotziek azaldu dute istripuak gertatzeko arrazoi nagusiak “distrazioa” eta “zirkulazio arauen urratzea” izan zirela.
1.502 istripuen istripuen erdia inguru, 732 (%48,7), zauriturik gabekoak izan ziren. Ordea, hiru hildako izan ziren 2021eko istripuetan, eta hirurak motor gidariak ziren; 2019an lau hildako izan ziren eta 2020an bi. Bestalde, guztira, 881 pertsona zauritu ziren 2021eko istripuetan, 2020an baino 81 gehiago (800). Iazko zaurituetatik, 828k zauri arinak izan zituzten, 50ek zauri larriak eta beste hirurak, aipatu legez, hil egin ziren.
Autoak, motorrak eta bizikletak
Zinegotziek azaldu dutenez, 2021ean istripuetan gehien inplikatuta egon ziren ibilgailuak autoak, motorrak eta bizikletak izan zirela, ordena horretan. Hain zuzen ere, zaurituak eragin zituzten istripuei erreparatuta (770 istripu), 452 auto egon ziren inplikatuta, 328 motor eta 181 bizikleta. Kontuan izan behar da istripu bakoitzean ibilgailu bat baino gehiago egon daitezkeela inplikatuta. Bizikletei dagokienez, datuak aurreko urteekin alderatu ditu udalak, eta iaz 2020an baino 45 bizikleta gehiago egon ziren zaurituak eragin zituzten istripuetan inplikatuta, eta 2019an baino 52 gehiago. Goranzko joera nabarmena da, beraz.
Bestalde, udala 2020an hasi zen patinete elektrikoekin (mugikortasun pertsonaleko ibilgailu deitzen diete) gertatutako istripuen datuak biltzen, eta halakoen 33 istripu gertatu ziren urte horretan. 2021ean, aldiz, 44 gertatu dira, hamaika gehiago, alegia.
Harrapatzeak
2021ean 85 harrapatze gertatu ziren Donostian, 2020an baino bat gutxiago. Ordea, harrapatutako pertsona kopurua 2020ko bera izan zen 2021ean: 95 lagun. Horietatik, 86k zauri arinak pairatu zituzten eta seik zauri larriak, baina ez zen inor hil harrapatze baten ondorioz. Harrapatutako pertsona gehienak, 87, oinezkoak ziren. Era berean, zinegotziek zehaztu dute bost harrapatze autobusek eragin zituztela eta sei bizikletek.
“Oso garrantzitsua da gidariak zein oinezkoak kontzientziatzea arauak errespetatzeko, izan ere, datuek erakusten dute, orokorrean istripuetan gertatzen den moduan, harrapatze gehienak distrazioen edo zirkulazio arauak haustearen ondorioz gertatu zirela”, nabarmendu du Aranak. Horrez gain, esan du Datorren Donostia mugikortasun planean lanean jarraitzen dutela udalean, eta, horri esker “hiriko bide segurtasuna hobetzen” saiatuko direla, “trafiko fluxuak berrantolatuz, oinezkoentzat gune berriak irabaziz eta bidegorri berriak sortuz bizikletaren erabilera sustatzen jarraitzeko”.
Urtez urteko datuak
2010etik urtez urte gertatutako istripuen eta istripuetan hildako pertsonen datuak ere eman dituzte: 2010ean, 1.657 istripu gertatu ziren, eta lau hildako izan ziren; 2011n, 1.642 istripu eta bost hildako; 2012an, 1.571 istripu eta hildako bat; 2013an, 1.530 istripu eta hildako bat; 2014an, 1.652 istripu eta hildako bat; 2015ean, 1.637 istripu bost hildako; 2016an, 1.751 istripu eta bi hildako; 2017an, 1.783 istripu eta bi hildako; 2018an, 1.702 istripu eta hildako bat; 2019an, 1.565 istripu eta lau hildako; 2020an, 1.368 istripu eta bi hildako eta, 2021ean, 1.502 istripu eta hiru hildako.
Hau da, 2010etik 2013ra beheranzko joera izan zuen istripu kopuruak. Ordea, 2014tik 2017ra goranzko joeran izan zen, 2014tik 2015era apur bat jaitsi bazen ere. Ondoren, 2018tik hona, 2020a salbuetsita, jaitsi baino ez da egin istripu kopurua. Bestalde, 2011n eta 2015ean izan ziren hildako gehien istripuetan, bost urte bakoitzean.