Abeslariaren erritua
Donostiako Orfeoiak 125 urte bete ditu aurten, eta denbora horretan abesbatzak etengabeko eraldaketak bizi izan dituen arren, badira 1897ko urtarrilaren 21ean jaio zenetik egun arte mantendu diren bi oinarri; izaera amateurra eta pasio profesionala. Abesbatza honen esentzia dira bi oinarri horiek, eta bien artean oreka ia perfektua mantentzeak ekarri dio aparteko bizitza luzera.
Baina hitz hauek ezer gutxi esango diote Donostiako Orfeoia ezagutzen ez dutenei; amateur? Profesional? Zer axola dio horrek? Kontzertua entzutera etorri zara zu. Bada ezarri eroso eserlekuan, irakurle; esku artean estutu ezazu egitaraua, itzali mugikorra eta begiak zein belarriak erne ipini, emanaldia hastera doa eta.
Nolakoa da orfeoiaren parte izatea, bertan kantatzea? Edozein abesbatzarekin kantatzeak erritual baten antz handia duela esan genezake; hilabete luzez obra bat prestatzen ibiliko zara kantu kideekin, ordura arte ezezaguna zenuen melodia horiekin amesteraino. Kontzertuaren egunean, aretoko aldageletan gertatzen da antzaldaketa; Balentziagaren soineko zuria jantzi, partitura besapean hartu, eta taula gainera igoko zara; urduritasuna, zirrara… denbora geldituko da, zuzendariaren batutak gora egin bitarte. Isiltasun horretan, errituala burutuko da; abeslaria, abestera doa.
Donostiako Orfeoiaren 125 urteetatik azken 28ak igaro ditut etxe honetan; sei urterekin gurutzatu nituen lehen aldiz Novelty zinemaren ateak. Ziur aski, haur garaietako oroitzapen zoriontsuenak ditut kantuarekin lotutakoak; Parte Zaharreko teilatuak buruz ikasi genituen San Juan kaleko eraikineko leihoetatik begira, jaioberri zen Orfeoi Txikiko ikasle moduan abesbatzako harrobiko lehen orfeoilariak bihurtu bitartean.
Hala, 17 urterekin Donostiako Orfeoiarekin nire lehen entsegua egin nuen; gogoan dut ahots masa horren orroak sakonki hunkitu ninduela, eta lehen unetik maitemindu nindutela egun hartan entsegurako aukeratutako Brahmsen Requiem-aren doinu betierekoek. Ordutik, orfeoian igaro ditut azken hamasei urteak, abeslari xumearen roletik hasi eta zuzendaritza batzordeko kide bihurtzeraino; denbora horretan mila anekdota pilatu dira, eta noski, pandemiak ere utzi du bere aztarna.
Itxialdian, etxetik pantaila bati begira abesten hasi ginen, munduarekin Leonard Cohenen Hallelujah partekatuz; ondoren, entseguak berreskuratzen hasi ginen, distantzia eta musukoarekin abestera behartuta. Egokitzapen benetan zaila izan da, abestearen esentziaren aurka doalako ahoa estaltzea edota kantu kideengandik urrun kantatzea. Guztiarekin, aurrera egin dugu, hasieran aipatutako pasio hori pandemiak ere ez duelako itzali.
125 urte bete ditugu, eta urteurrenean, abesbatza honetan kantuan darraigunok etorkizunarekin amesten dugu. Maskara, distantziak eta edukiera mugatuak iraganeko kontua bilakatuko diren egunarekin, eta beste behin, Euskal Herriko zein nazioarteko aretoak jendez gainezka ikusiko ditugunarekin, pandemia garaian neke, beldur eta bakardadetik salbatu gintuen kulturak loraldi berria biziko duenaren uste osoarekin. Beraz, irakurle, kontzertua zure gustukoa izatea espero dut, eta eskerrak eman nahi dizkizut zure babesarengatik, gure doinuek ez dutelako zentzurik agertokiaren bestaldean entzulerik topatzen ez badute.