Donostia 2030 Estrategia, nora?
Estrategia bat planteatzen denean, etorkizuna hobetzeko asmoz egin ohi da eta hizkuntza modernoa baino zerbait gehiago beharko luke, egungo politikek iragan kutsua baitaukate. Udalak 2030 urterako Belartzan duela 32 hilabete auzitegiak agindutako epaia beteko al du?
Udala Donostia 2030 estrategiaz hitz egiterakoan, denon artean zerbait eraikitzekotan gabiltzan irudia islatu nahi du, parte hartze kolektiboa goraipatuz, baina funtsean aurretik idatzitako gidoipean ari gara. Liburuxka irakurrita, gidalerro nagusiak eta ardatz nagusiak ulertzeko nahiko lan. Hiztegi berezia eta aberatsa eduki behar da. Denak hitz ederrak, dena aitzindaria, dena modernoa eta aurrerakoia; cool. Esaldi polit asko, baina edukia? Esanahia? Hitz hutsak eta ulertezinak dira. Gure agintariek aldaketarik nahi al dute ala marketin eta greenwashing kanpaina abiatu dute? Ez gara estrategia bera osotasunean aztertzen hasiko, eta ez dugu epaituko. Hausnarketa txiki bat baino ez dugu egingo, eta ingurumen arloan murgilduko gara, ingurune naturalaren eta biodibertsitatearen kontserbazioa helburu gisa jarriz.
Aipaturiko estrategian biodibertsitatea non gelditzen den ez dakigu, ez baita ezer esaten. Egoerak, ordea, egungo errealitatean jaio dira, eta udalaren aurrekontuei begiratzea baino ez dago naturaren kontserbazioak zenbat mozkin jasotzen dituen ikusteko. Ezer gutxi. Ingurumen atalak berak hutsaren hurrengoa agintzen du. Udalari eta udal teknikariei borondatea falta ez bazaie ere, Ingurumen saila erabat baztertua dute erabakiak hartzeko orduan. Ez diete kontsultarik egiten. Haien txostenak batzuetan ez dira inora iristen edo bidean galtzen dira. Saldu nahi izango digute dirua gastatu, gastatu egiten dutela. Baina kopuruei erreparatuta, egia esan, biodibertsitatean, bizitzaren oinarri izanik ere, inbertsio eskasa dago.
Esan bezala, ez da soilik oraingo kontua, aspalditik datorren kontua da. Azken urtetan kontserbazioari begira erositako lurrak dira horren erakusgarri. Zerbait erosi al da? Eta estrategia berrian aurreikusten al da erosketarik eta bestelako formularik? Lankidetza hitzarmenik? Haritzaldek Añarbe urtegian, udalak bere garaian Artikutzarekin egin zuen antzera, arro guztia babesteko eskatu genuen, inguruko lursailak erosteko edo jabeekin eta Nafarroako erakunde publikoekin irtenbide bat bilatzeko aukera aztertzeko eskatuz. Edateko ura bermatzearekin batera, baso babeslea eta hari lotutako biodibertsitatea bultzatuko genituzke. Alferrik.
Kontserbazioari begira dena ez da dirua, eta lurrak erosi gabe zer egitea badago. Adibidez, naturaguneak eta korridore berdeak sustatzea. Haritzaldek berriak izendatzeko eta dagoeneko izendatutakoen mugak zabaltzeko eskatu dugu. Landarbaso ingurua, Errenteria, Astigarraga eta Hernani artean Donostiak duen landa eremua Aiako Harria Parke Naturalean barneratzeko eskaera aho batez onartu zen. Halere, urteak aurrera doaz, honezkero dozenatik gora, eta egitasmoa ez da aurrera eraman. Proposatu genuen Igeldo-Mendizorrotz kontserbazio bereziko eremu izendatzea. Santa Klara uhartea ere sartzea proposatu genuen, baina horretan ere udalak ez du gogo gehiegirik jarri. Uharteko eskulturaren obra zela, eta sortutako hika-miken harira, Eusko Jaurlaritzak aztertuko zuela eta babes neurrien beharra ere aintzat hartuko zuela esan ziguten. Dena dela, orain arte ez dute ezer egin. Uliako naturagunea ere zabaltzeko eskatu genuen.
Biodibertsitatearen galera gelditzeko, ezinbestean babestutako eremuen azalera emendatu behar dela iradoki du Nazio Batuen Erakundeak Biodibertsitatea 2030 Estrategian, eta Europak bere egin du. Aukera paregabea dugu eta hirietako ekologiaz ere hitz egiten da, landa eremuari berebiziko garrantzia emanez, baina hiri barneko sare berdea –parkeak, berdeguneak, errekasto eta zuhaiztiak– goraipatuz, eta hari itsasoaren urdina batuz. Jatorri berde urdin hori non gelditzen da Donostia 2030 Estrategian? Donostiak bere gerriko berdea blindatu beharko luke eta zorrotz defendatu, eremu naturalak eta parkeen arteko lotuneak eraikiz, udalerri mailako zein eskualde mailako korridore berdeak indartuz eta babestuz.
Ez dakigu estrategiak zer jasoko duen, baina udalak daraman politika beste ildo batetik doa. Behar bada inertzia izango da, baina konturatu orduko beranduegi izan daiteke. Klima larrialdia, krisialdi ekologikoa eta biodibertsitatearen galera aitortuta ere, aldatzeko ausardia nahikorik ez dago. Estrategia aukera da, baina lehen aipaturiko izenburu eder horietatik haratago, politika aldaketak eskatzen ditu, suntsitzaileak diren proiektuak baztertuz. Obrak han eta hemen sustatzen dira ezinbestekoak direlakoan. Noizko premia hori ingurumenari? Eta biodibertsitateari?
Haritzaldek aurten 30 urte bete ditu, eta zoritxarrez lanean jarraitu behar dugula argi dugu. Belartza da azaldutakoaren adibidea, landa eremua izanik, sasi industrialde bat eraiki nahi dute. Justiziak duela 32 hilabete luze agindu zuen han egindako betelana kentzeko, baina udalak ez du epaia bete. Hori izango al da, akaso, haien estrategia?