Inauterietako desfilea Grosen eta Erdialdean egingo dute, ia 2.000 lagunekin
Egoera epidemiologiko ona dela medio, Donostiak bere inauteriak berreskuratuko ditu aurten, eta udalak, Donostia Festak sailaren bidez, egitarau zabala prestatu du. “Zorionez, eta merezi dugulako, gure inauteri maiteak berreskuratuko ditugu”, adierazi du Jon Insausti Jaietako zinegotziak. Udaletik “pozik” eta “gogoz” daudela nabarmendu du zinegotziak, “errazagoa delako gauzak %100era antolatzea, %50era antolatzea baino”. “2020ko xarma berreskuratzen saiatu” badira ere, Insaustik gogorarazi du oraindik neurri batzuk bete beharko direla, eta horren erakusgarri direla desfilea bitan banatu izana eta maskara erabili beharko dela.
Hain zuzen ere, 24 konpartsa arituko dira desfilatzen, eta desfile bana egingo dute Erdialdean eta Grosen; bakoitzean 950 lagunek hartuko dute parte. Datorren asteburuan, hilaren 26an eta 27an, egingo dituzte desfileak, 17:01ean, Grosen eta Erdialdean aldi berean. Gainera, egun batean Grosen desfilatzen dutenek Erdialdean desfilatuko dute hurrengoan, eta alderantziz.
Horrez gain, Insaustik nabarmendu du inauteriek “auzo guztiak zipriztinduko” dituela. Izan ere, aipatu du, besteak beste, Añorgan Dibertimendua egingo dutela hilaren 26an eta Altzan Eltze Festa martxoaren 6an. Bestalde, Sardinaren ehorzketa ere berreskuratuko dute (hilaren 28an), antzinako konpartsek desfilatuko dute (hilaren 27an) eta inude eta artzainek ere desfilatuko dute (hilaren 26an). Konpartsen aurkezpenari dagokionez, ostegunean, hilaren 24an, egingo dute, Illunben (21:00etan). Egitarau zabala prestatu du Donostia Festakek, eta osorik kontsultatu dezakezue hemen.
Momo jainkoa eta bere segizioko kide bat izan dira ere prentsaurrekoan: Furius konpartsako Julen Nieto Gonzalez (Momo jainkoa) eta Cristina Nieto Gonzalez (segizioko kidea) anaia-arrebak, hain justu. Julian Nieto Gonzalezek osatuko du segizioa, eta Conchi Gonzalez Sanchez ere segizioko kide izango da; hil ondoren izendatu dute segizioko kide. Momo jainkoak mezu argia helarazi die donostiarrei: “Inauteriak izan ziren pandemia aurreko azken jai dotorea, eta pandemia osteko lehenengo jai dotorea ere izango dira. Ilusioa eta alaitasuna biziberritzeko balio behar dute”. Era berean, donostiarrak inauterietan parte hartzera deitu ditu Cristinak: “Gozatzeko jai bat dira inauteriak, eta jendea animatzen dut kalera mozorrotuta ateratzera, baita desfileetako karrozak txalotzera ere, lan handia egin baitugu”.
Aurtengo kartelari dagokionez, Maria Kristina zubiko dorreetako bat ageri da, mozorrotuta. Ruben Lucas Garcia diseinatzaile grafiko, argazkilari eta margolariak egin du. Donostiara bisitan etorri zenean, Urumea ibaia zeharkatzen duten zubien artean dotoreena iruditu zitzaion, eta kartelean hizpide izatea erabaki zuen. “Obra argia, garbia eta eduki kontzeptual handikoa” da, Festaken hitzetan.