Kataliñeneko semea, Indurainen masajista
Joan den astean zendu zen Altzako bizilagun Manuel Arrieta Irizar, 73 urte zituela. Miguel Indurainek Frantziako Tourra bost urtez jarraian irabazi zuen urteetan Banesto taldeko masajista izateagatik zen bereziki ezaguna, eta auzoan asko maite zuten.

Manuel Arrieta Irizarren heriotzaren berri izan bezain laster, Altzako Historia Mintegiak gogoan izan zuen Arrieta, auzoko txirrindularitza zale ezaguna baitzen, eta, gainera, auzoarentzat lan handia egin zuen. Hain zuzen ere, haren historia errepasatu zuen historia mintegiak 2011n, Altza, hautsa kenduz bilduman.
Kataliñene baserrian hazi zen Manuel, Joakin Arrieta eta Anastasi Irizar gurasoekin eta Maria Pilar, Joxe Mari eta Juan anai-arrebekin batera. Egun batean, baserriko produktuak saltzen aritu ostean, Joakin bizikleta batekin itzuli zen etxera, Juan Mari Arzak sukaldariaren amak oparitutakoa. Joakinek Manueli oparitu zion bizikleta, eta orduan hasi zen Manuelek bizitza osoan mantendu zuen txirrindularitza zaletasuna. Bizikleta konpontzeko zegoen, eta Pelegriñene baserriko Martxel Arrietak konpondu zion, ibiltzen hasi ahal izateko.
Urte batzuk geroago, Anastasik bizikleta berri bat erosi zion Manueli, 4.500 pezeta gastatuta. «Garai hartan, kapital handia zen hori guretzat», adierazi zion Arrietak Altzako Historia Mintegiari 2011n. Bizikleta horrekin, Egiako I. Zumy lasterketa irabazi zuen, 1966an.

Manuel Arrieta Irizarren guraso Joakin eta Anastasi, Kataliñene baserriaren aurrean, semearen bizikletarekin, 1969an. (Argazkia: Altzako Historia Mintegia)
Ahal zuen lasterketa guztietan parte hartzen zuen orduan Arrietak, eta Gipuzkoako txapeldun izatera heldu zen 1960ko hamarkadaren bukaeran. Garai hartan, Manuel Arrieta kirol lagunartea sortu zuten haren jarraitzaileek, eta Pasaiako Romeral Pequeño tabernan elkartzen ziren.
22 urte zituela, txirrindularitzan lehiatzeari utzi zion Arrietak, baina ez zen mundu horretatik aldendu, hainbat taldetan laguntzaile lanak egiten aritu baitzen, eta mundu osotik bidaiatu zuen, bere taldeen txirrindularitza probak zirela eta.
Horrela, 1981ean Reynolds taldera iritsi zen —1989tik 2003ra Banesto izena hartu zuen—, eta 2003ra arte izan zen taldeko langilea; besteak beste, txirrindularien masajista zen.
Erretiratuta egonda ere, txirrindularitza zaletasuna mantendu zuen Arrietak azken urteotan, eta gertutik jarraitzen zituen Altzan eta inguruko auzoetan egiten ziren probak eta lasterketak.

Manuel Arrieta Irizar bera, Kataliñene baserriaren aurrean bizikletarekin, 1969an edo 1970ean.(Argazkia: Altzako Historia Mintegia)
Indurainen bizikleta Altzan
Arrietaren eskutik, Altzan bisitari ospetsuak izan zituzten duela 31. urte: Miguel Indurain eta konpainia.
1991. urtea zen, eta Altzako San Martzial parrokiak 600 urte bete berri zituen (1390-1990). Urteurrenaren bueltan, auzokoek parrokia zaharberritzea erabaki zuten, baina horretarako diru dezente behar zenez, parrokiakoek laguntza eskatu zieten auzokideei.
Arrietak, beti laguntzeko prest, proposamen interesgarri bat egin zuen: Indurainen bizikleta bat zozkatzea, dirua biltzeko. Horrela, 1991ko uztailaren 2an, San Martzial jaietan, Altzan azaldu zen Banesto talde osoa, tartean Indurain bera eta Pedro Perico Delgado. Frantziako Tourra handik lau egunera hastekoa zen, eta, hara zihoazela, Altzan egin zuten geldialdia; Indurainek irabazi zuen ondoren Tour hori, bere ibilbideko lehenengoa.
Parrokiaren aurrean jarri zen talde osoa, Indurain, Delgado eta Arrieta buru, eta zozketaren irabazlea iragarri zuten, ekitaldi jendetsu zein dibertigarri batean. Zozketa oso arrakastatsua izan zen, eta aurreikusitakoa baino diru gehiago bildu zuten parrokia zaharberritzeko.

Lehen lerroan, Miguel Indurain, Pedro ‘Perico’ Delgado (aurkezle lanak egiten) eta Manuel Arrieta Irizar San Martzial parrokian, 1991n, Indurainen bizikleta zozkatzen. (Argazkia: Altzako Historia Mintegia)
Tourrak ospatzeko, babarrunak
San Martzial parrokia zaharberritzeko zozketan ez ezik, Arrietak beste hainbatetan ere ekarri zituen txirrindulariak Altzara. Hain zuzen ere, zenbait urtez, Banestokoak Altzako Lau Haizeta jatetxera eraman zituen Arrietak, Frantziako Tourreko garaipenak ospatzera. Babarrunak jan ohi zituzten, sakramentu guztiekin, indarberritzeko.
Halakoetan, sabela ondo beteta, Indurain Anastasi bisitatzera joan ohi zen beti, bere etxera itzuli aurretik. Izan ere, garai hartan asko ziren Kataliñenen lo egin ohi zuten txirrindulari profesionalak, lasterketa batera edo bestera zihoazela Altzan geldialdia egiten zutenean.
Arrietari esker, txirrindularitzaren munduko izar ugarik Donostia ez ezik, Altza ere mapan kokatu zuten.