Garbiketa saioa egingo dute Urgullen
ECO Limpieza Ciudadana taldeak udaleko Ingurumen sailaren babesarekin antolatuta, garbiketa saio bat egingo dute Urgullen. Larunbatean izango da, hilaren 26an, San Telmo museotik abiatuta, 11:00etatik 13:00etara. Urgull mendia plastikoz, zaborrez eta bestelako hondakinez garbitzea izango da helburua, eta edonork hartu dezake parte. Gainera, inauterietako asteburua izanda, “zaborraren superheroiz” mozorrotuta joatera deitu dituzte parte hartzaileak: “Nola? Peluka eta txaleko islatzailea jantzita”.
Hiriko hainbat gunetan egin dituzte halako garbiketa saioak azken hilabeteotan: Urumea ibaian, Igeldon, Ametzagainan, eta abar. Azkena hilaren 12an egin zuten, Ametzagaina parkean. 40 lagunek hartu zuten parte, eta zabor ugari jaso zuten: 21 kilo plastiko, 41 kilo beira eta kristal, 51 kilo errefus eta 25 kilo hondakin, hain zuzen ere.