Hasi da Katalunia plazako hilketaren epaiketa
Atzo, astelehenean, hasi zen ustez Katalunia plazan (Gros) gizon bat labankadaz hil zuen gizonaren eta emakume baten, bere bikotekidearen, aurkako epaiketa, Gipuzkoako Auzitegian. Hilketa 2020ko martxoaren 14an gertatu zen, eta biktimari 41 labankada eman izana leporatzen diote gizonari; bikotekideari, aldiz, ustez hilketa estali izana egozten diote.
Fiskaltzak 25 urteko espetxe zigorra eskatzen du gizonarentzat, eta urte eta erdikoa bikotekidearentzat. Akusazio partikularrak, biktimaren familiak, aldiz, 30 urteko kartzela zigorra eskatzen du ustez hilketa gauzatu zuen gizonarentzat, eta hiru urtekoa bikotekidearentzat. Hain zuzen ere, akusazio partikularrak honako larrigarriak leporatzen dizkio akusatuari: azpikeriarena, nagusitasunaren gehiegikeriarena, konfiantzaren gehiegikeriarena eta ankerkeriarena.
Defentsak bere bezeroaren errugabetasuna aldarrikatu du, esanez ez zuela egin leporatzen zaiona. Nabarmendu du egun hartan bere gaitasunak “erabat” hutseratuta zituela, alkoholaren, drogen eta botiken kontsumoarengatik. Era berean, defentsak dio akusatuak “kokainaren kontsumotik eratorritako nahasmendua” pairatzen duela. Emakumearen defentsak nabarmendu du bere bezeroak ez zuela izan gertakarien egilea bere bikotekidea zenaren “ziurtasunik”, eta gaur egun ere ez duela.
Astelehenean epaimahaiko kideak hautatu zituzten, eta euren aurrean irakurri zituzten akusazioaren zein defentsaren idatziak. Horrela, aurreikusita dago gaur, asteartean, deklaratuko dutela bi akusatuek eta kasuan parte hartu zuten ertzain batzuek.
Gertakariak
Hilketa 2020ko martxoaren 14ko 06:00ak aldera izan zen, eta Ertzaintzak 06:30ean atxilotu zuen gizona Txaparrene kalean (Intxaurrondo). 47 urteko biktima 07:00ak aldera hil zen, jasotako labankaden ondorioz. Atxilotuak 31 urte zituen orduan.
Fiskaltzak dioenaren arabera, biktima akusatuaren bikotekidearen dantzatzen aritu zen pub batean, eta bi gizonen arteko eztabaida bat piztu zen horregatik. Ustez, akusatua etxera joan zen bere bikotekidearekin, laban bat hartu zuen eta pubera itzuli zen. Biktimari esan zion elkarrekin kanpora joateko, eta behin kanpoan, ondoren hil zuten labankadak eman zizkion.