Bidebietako parkea berritzeko prozesuaren emaitzak aurkeztu dituzte
Donostiako Udalak iazko azaroan abiatu zuen Bidebietako parkea berritzeko partaidetza prozesua, Paisaje Transversalekoen gidaritzapean. Atzo arratsaldean prozesuaren emaitzak aurkeztu zituzten, Bideberri institutuan.
Prozesuaren mugarriak izan dira auzoan egindako proiektuaren aurkezpena, kolektiboekin egindako saioak eta elkarlanean osaturiko diseinua. Horrekin batera, hiru lan ildo zehaztu dituzte: parke irisgarriago eta lotuago bat lortzea, kenketetatik gehitzea eta erdigunea aktiboa, malgua zein bateratzailea bihurtzea.
Lan ildoekin batera, lehen proposamenak aurkeztu dituzte. Besteak beste, konexio berriak eta ibilbide berriak jartzea elizaren eremu bereizian, parkeko ipar mendebaldeko egoteko lekuak areagotzea, egungo pergola beste toki batean kokatzea, kantxa partzialki desmuntatzea, komun publiko berria jartzea eta haurrentzako jolastokia erdiko gunera zabaltzea.