Donostiako gizartearen "isiltasuna" salatu du Indarkak, Kote Cabezudoren biktimen plataformak

Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren hainbat biktimek duela aste batzuk sortutako Indarka plataformak “Donostiako gizartearen isiltasuna” salatu du sare sozialetan, argazkilariaren aurkak0 epaiketa nagusia hasteko bi aste gelditzen direnean. “Akusazio partikularrak 2.388 urteko kartzela zigorra eskatzen du… handia delako bere delituen larritasuna. Asko gara salatzaileak, baina beti babestu gaituzten SOS Kote Kasua plataforma, Bidasoaldeko Elkarte Feminista eta Justicia Poetica elkartea kenduta, Donostiako gizarte ia osoan erabateko isiltasuna egon da, eta izugarria izan da hori”, deitoratu dute Indarkakoek.
Era berean, nabarmendu dute beraiek ere “existitzen” direla: “Isilarazitako gizarte horri, eta, bereziki, martxoaren 8an kalera aterako diren elkarte feminista horiei gogorarazi nahi diegu gu ere existitzen garela. Justiziak berbiktimizatutako emakume talde bat gara, eta soilik titular erraza bilatzen duen hedabide jakin batek seinalatutakoa”. Horrez gain, nabarmendu dute “dena bukatzea” nahi dutela, euren “bizitzekin jarraitu ahal izateko”.
Martxoaren 7an
Kote Cabezudoren aurkako epaiketa martxoaren 7an da hastekoa, Gipuzkoako Auzitegian, eta hilabeteko iraupena izango du. Hogei saio egingo dituzte, eta apirilaren 7an amaitzea aurreikusten dute. 121 urteko espetxe zigorra eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak. Guztira, 32 delitu leporatzen dizkio; besteak beste, hainbat eraso egitea, haur pornografia egitea eta zabaltzea, pertsonen intimitatea urratzea eta iruzur egitea. Fiskalaren arabera, 1992tik 2013ra bitartean hamasei modeloren aurka egin zituen eraso horiek, eta haientzat milioi bat euroko ordain ekonomikoak eskatu ditu.
Cabezudo 2018ko maiatzaren 4tik Martuteneko espetxean dago, behin-behineko espetxealdian. 2020ko apirilean, behin-behineko kartzelaldia lau urtera luzatzea erabaki zuten, legez ezarritako gehiengora, alegia. Horrela, 2022ko maiatzean bukatuko litzateke denbora hori.