EH Bilduk lanean jarraituko du Easoko proiektuak "herritarren beharrei erantzuteko"
Donostiako Udalak atzo aurkeztu zuen Easoko trenbidearen eremua antolatzeko hasierako proposamena. EH Bildu kritiko azaldu da udal gobernuarekin jokabidearekin. “Lehenik eta behin, EAJk eta PSE-EEk ez dute beraien hitza bete, publikoki iragarri baitzuten parte hartze prozesu bat egingo zutela espazio horren erabilerei buruz eztabaidatzeko”, azaldu dute. Udal taldeak gaineratu duenez, elkarlanean jarraituko dute eragileekin eta herritar guztiekin, “donostiarren benetako beharrei erantzun dien proposamen zehatza aurkezteko”.
Partaidetza prozesuari dagokionez, EH Bilduk gogoratu du 2019ko urtarrilean Eneko Goiak parte hartze prozesu bat iragarri zuela eremurako: “Amarako eta Morlansko bizilagunekin eztabaidatuko zutela adierazi zuten”. Horrekin batera, ETSk kanpaina bat jarri zuen abian, hiri osoan etxez etxe banatutako liburuxka batekin, eremu horretan 550 etxebizitza eraikitzeko asmoa zuela jakinarazteko. Kanpaina hori auzo elkarteek eta EH Bilduk kritikatu zuten, “hirigintza planeamendua udal erantzukizuna baita”. Bi urte beranduago, Goiak bere hitza ez duela bete nabarmendu dute: “Donostiatik kanpoko beharrei erantzuten dien proiektu bat aurkeztu du. Agindutako parte hartze prozesua legez eskatzen den minimoetan geldituko omen da orain”.
“Helburua, dirua ateratzea”
EH Bilduk hasierako proposamenaren lehen irakurketa bat ere plazaratu du. “Esan dezakegu ulertzen dugula hainbat eragilek plazaratu duten kezka. Hau da, Goiaren proposamena beste negozio urbanistiko bat izango dela hiriaren erdian. Azken finean, EAJ-PSE-EEen helburua da proiektu honekin dirua ateratzea, inolaz ere ez Amara, Amara Berri eta Morlansko herritarren eta, oro har, herritar guztien beharrei erantzutea”.
Udal taldea esparru horren etorkizunari buruz eztabaidatzen hasi zenetik, auzo elkarteekin lanean hasi zen, haien beharrak eta nahiak ezagutzeko. “Hain zuzen, 2020ko abenduan, tailer telematiko bat antolatu genuen hirigintzako adituekin, eremu horretarako alternatiba orekatuak, jasangarriak eta justuak aztertzeko. Era berean, 2021eko udaberrian beste tailer teknikoago bat egin genuen, tamaina horretako proiektu batean parte hartzeko dauden moduak bizilagunekin partekatzeko”.
Bestalde, EH Bilduk adierazi du “erabat lekuz kanpo” dagoela ETSk eremu horretako plangintza zehaztea, “are gutxiago dirua biltzeko edo beste proiektu batzuk finantzatzeko bada”. “Hirigintza eredu zaharkitu bati erantzuten dio udal gobernuaren proposamen honek, eta herritarrak eredu hau gero eta leku gehiagoetan ari dira baztertzen; Durangon, adibidez, ikusi berri dugun bezala. Berriro ere gogorarazi behar da eremu honen garapena definitzeko eskumena Udalarena dela eta, alde horretatik, EH Bilduk ez duela inposiziorik onartuko”.