Groseko hilketaren akusatua epaiketa aretotik bota dute
Epaiketaren bigarren jardunaldia egin zuten asteartean, eta akusatuak zein bere bikotekideak deklaratu dute.
Astelehenean hasi zen duela ia bi urte Groseko Katalunia plazan izandako hilketaren epaiketa, eta atzo, asteartean, deklaratu zuen akusatu nagusiak. Bere deklarazioaren aurretik, ordea, aretotik kaleratu zuten, fiskalaren hitzartzea mozteagatik eta epailearekin gogor eztabaidatzeagatik. Izan ere, fiskala ustez akusatuak hilketaren unean izandako jarrera “erabat bortitza” deskribatzen ari zenean, akusatuak hitzartzea moztu zuen, esanez ez zuela hori entzuten jarraitu nahi, eta epaileari aurre egin zion, isiltzeko esan zionean. Ondoren, bigarrenez moztu zuen saioa, salatuz fiskala bere aurka esaten ari zena “gezurra” zela eta bere aurkako “konplot” bat zela.
Epailea bera eta akusatuaren senide bat gizona lasaitzen saiatu ziren, baina, azkenean, aretotik kaleratu zuten, eta ez zen berriz sartu deklaratzea tokatu zitzaion arte. Bere deklarazioan, ukatu egin zuen biktima hil izana, eta hainbatetan esan zuen ez zuela gogoratzen gertatutakoa. Era berean, onartu zuen nerabezarotik drogak kontsumitzen dituela, baita gertakarien egunean alkohola edan zuela eta botikak hartu zituela ere. Fiskaltzak 25 urteko espetxe zigorra eskatzen du berarentzat, hilketaren egilea izatea leporatuta, eta akusazio partikularrak 30 urtekoa.
Ustez hilketa egin zuen gizonaren bikotekideak ere deklaratu zuen atzo —urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak berarentzat eta hiru urtekoa akusazio partikularrak, ustez akusatua estaltzeagatik—. Kontatu zuenez, gertakarien egunean Groseko pub batean zegoen, eta biktima berarekin dantzatzen saiatu zen. Horren aurrean, akusatua “oso urduri” jarri zela esan zuen, eta “inorekin borrokatu ez zedin”, etxera joan ziren elkarrekin.
Emakumearen arabera, etxera iristean, gizonak jaka aldatu zuen eta kalera atera zen berriz. Itzuli zenean, “erabat odoleztatuta” zegoela adierazi zuen emakumeak, eta “paralizatuta” gelditu zela nabarmendu zuen, baita “beldurra” pasa zuela ere. Hain zuzen ere, azaldu zuen hasiera batean horregatik ez ziola gertatutakoa kontatu Ertzaintzari, baina gogorarazi zuen gerora bai kontatu ziela gertatutako guztia.
Gaur, hilaren 23an, berrartuko dute epaiketa, eta kasuan parte hartu zuten hainbat ertzainek deklaratuko dute.
Gertakariak
Hilketa 2020ko martxoaren 14ko 06:00ak aldera izan zen, eta Ertzaintzak 06:30ean atxilotu zuen gizona Txaparrene kalean (Intxaurrondo). 47 urteko biktima 07:00ak aldera hil zen, jasotako labankaden ondorioz. Atxilotuak 31 urte zituen orduan.
Fiskaltzak dioenaren arabera, biktima akusatuaren bikotekidearen dantzatzen aritu zen pub batean, eta bi gizonen arteko eztabaida bat piztu zen horregatik. Ustez, akusatua etxera joan zen bere bikotekidearekin, laban bat hartu zuen eta pubera itzuli zen. Biktimari esan zion elkarrekin kanpora joateko, eta behin kanpoan, ondoren hil zuten labankadak eman zizkion.