Udalak 12 milioi euro jasoko ditu Europako Next Generation funtsetatik, mugikortasunean inbertitzeko

Donostiak Europako Next Generation funtsetatik hamabi milioi euro jasoko ditu, mugikortasunaren arloan inbertitzeko, Marisol Garmendia Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak jakinarazi duenez. Espainiako Gobernuak kudeatzen ditu funts horiek, eta hamabi milioi horiekin, guztira hogei milioi izango dira dagoeneko udalak Next Generation funtsetatik jasotakoak. Izan ere, 4,4 milioi jaso zituen helburu turistikoekin eta beste milioi eta erdi merkataritza sustatzeko.
Mugikortasunerako jasoko dituen hamabi milioiak, hein handi batean, Dbusen inbertituko ditu udalak: hemeretzi autobus elektriko erosiko dituzte eta Kotxeras gunea elektrifikatuko dute. Era berean, zaborra jasotzeko bi kamioi elektriko ere erosiko dituztela esan du Garmendiak, baita emisio baxuko zonetako teknologia eta digitalizazioa hobetuko dutela ere.