Bibliak ez zioen ezer immatrikulazioei buruz
Elizak ia 35.000 ondasun immatrikulatu zituen estatuan 1998tik 2015era, tartean Donostiako hiru. Berreskuratuz plataformaren arabera, ordea, 1946an hasi ziren immatrikulazioak egiten, eta guztira, 100.000 ondasun bereganatu dituzte horrela.

2021eko otsailaren 16an, orduko Espainiako Gobernuko presidenteorde Carmen Calvok txosten bat aurkeztu zuen Ministroen Kontseiluan, non Eliza katolikoak 1998tik 2015era immatrikulatu zituen ondasunen zerrenda zetorren. Guztira, 34.961 ondasun daude zerrenda horretan; 20.014 tenplu eta dependentzia osagarri eta 14.947 finka (lursailak, etxebizitzak, lokalak, eta abar).
Hego Euskal Herriko 1.122 ondasun agertzen dira duela urtebete argitaratutako zerrendan: 1.034 Nafarroan, 48 Araban, 31 Bizkaian eta bederatzi Gipuzkoan. Tartean, Donostiako bi daude: Antiguako San Sebastian Martiriaren eliza eta Hipika bideko 91. zenbakiko eremua, 2006ra arte Sortzez Garbiaren kapera zuena. Ordea, Elizak Donostiako beste ondasun esanguratsu bat immatrikulatu zuen urte tarte horretan: Artzain Onaren katedralaren lursaila. Izan ere, udalak Elizari utzi egin zion lursail hori 1887an, erabilera erlijiosoa emateari utziz gero, orubea udalari itzultzeko konpromisoarekin; ordea, Jose Ignacio Munillak orubea immatrikulatu zuen 2011n.
Hedabide honek luze eta zabal jorratu du gaia, ondasun bakoitzaren historia errepasatuta eta Elizak bere egindako ondasunak herriari itzultzea aldarrikatzen duen Berreskuratuz plataformako Jesus Gonzalezekin batera, eta erreportaje osoa ostiralean irakurri ahal izango da osorik, paperezko astekarian zein webgune honetan.