Grabatua, Rosa Valverderen alderdi artistiko ezezagunenetakoa
Rosa Valverde artista donostiarra (Donostia, 1953 – Azkaine, 2015) pinturan egindako lanarengatik da bereziki ezaguna, baina bere iloba Isabel Sagues Valverdek azaldu duen moduan, “beste esparru batzuk ere asko landu zituen”. Esaterako, urte luzez grabatuak egiten aritu zen, eta, hain justu, Grabatuak eta gehiago erakusketa antolatu dute Ekain arte galerian, bere lan esparru hori ere ezagutzera emateko. Saguesek egin ditu komisario lanak, eta nabarmendu du bere izebaren obraren bi esparru nahiko ezezagun ikusi daitezkeela orain Donostian: “San Telmo museoan arte kaxak eta Ekainen grabatuak”. Apirilaren 2ra arte egongo da ikusgai, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara asteartetik ostiralera, eta 11:30etik 13:30era larunbatetan.
Grabatuekin 1980ko hamarkadan hasi zela gogoratu du Saguesek: “Grabatuak egiteko aparteko estudioa zuen Antonio Valverde Aialdek, Rosaren aitak, Oiartzungo bere etxean, torkulu eta guzti. 1970etik, bere aita hil zenetik, estudio hori ez zuen inork erabiltzen, eta Rosak martxan jarri zuen berriz, 1980ko hamarkadaren hasieran, Javi Lopez Altuna diseinatzaileak eta Mikel Rotaetxe arkitekto eta garai hartako Rosaren senarrak lagunduta. Beraz, lehenengo grabatuak Oiartzungo etxe hartan egin zituen. Ondoren, 1987an eta 1988an Florentzian (Italia) egon zen, grabatuari buruz ikasten. Bueltatu zenean, Oiartzungo etxean beste grabatu batzuk egin zituen, eta 2000. urtean, Azkainera (Lapurdi) joan zenean bizitzera, bere aitaren torkulua eraman zuen”.
Horrela, hiru garaitako grabatuak daude ikusgai erakusketan: Oiartzunen 1980ko hamarkadaren hasieran egindakoak, ondoren Florentzian egindakoak eta XXI. mendean Azkainen egindakoak. “27 grabatu ekarri ditugu erakusketara, baina ia 50 inguru egin zituela esango nuke. Batzuk partikularren etxeetan daude, eta beste asko, erakusketara ekarri ditugunak esaterako, familiarenak dira”, azaldu du Saguesek, eta gaineratu du jendeak “faltan botatzen” duela Valverderen obra: “Askok esaten digute dagoeneko ez dela erraza bere lanak ikustea. Horregatik, bere obra kaleratu nahi dugu erakusketa hauekin, ahalik eta gehien zabaldu dadin”. Era berean, nabarmendu du erakusketako lanak salgai daudela “prezio onean”.
Taldetan banatuta
Grabatuak hainbat taldetan banatuta daude Ekainen, Saguesek azaldu duenez: “Nafarroako inauterietako grabatuen taldea daukagu, haurrak euren geletan islatzen dituzten grabatuena –Rosari asko gustatzen zitzaion haurren giroa islatzea–, paisaiena, kolorezkoena eta aurpegiena”.
Horrez gain, bi marrazki, koadro batzuek eta figura eskultoriko batek osatzen dute erakusketa. Bi koadro ditu bereziki gustuko Saguesek: Portu Berriko komuna eta Rosaren lehenengo autorretratua, 1977koa. “Garai batean Oiartzun inguruan zegoen benta bat da Portu Berri, eta hango komuna margotzea erabaki zuen; ideia bera asko gustatzen zait. Bestalde, bere izenarekin asko jolasten zuen, arrosa eta berdea erabilita, eta koadro honetan hori ere ikus daiteke”. Era berean, emakume gorputz baten forma duen figura eskultorikoa jarri dute galeriaren erdian, eta Valverdek hori apaintzeko izandako “fintasuna” nabarmendu du haren ilobak, dena “eskuz” jarrita baitaude figura inguratzen duten plastikozko lore, txori txiki, perla eta bestelako elementu guztiak.
Kointzidentzia ugari
Grabatuen erakusketa “kointzidentzia askoz” inguratuta dagoela nabarmendu du Saguesek. Alde batetik, inauteri garaian inauguratu dute, eta, hain justu, inauterietako pertsonaia batzuen grabatuak daude ikusgai. Bestetik, Valverderen azken koadroetako batekin (2012koa) ere kointzidentzia eder bat dago: “Bere Azkaineko etxearen aurrean zegoen landare bat ikusten da, loretan; hain justu, orain da landare horiek loratzeko garaia, eta Ritak [Unzurrunzaga, Ekaineko arduraduna] landare horietako bat aurkitu du, eta koadroaren aurrean jarri du”. Era berean, Jose Antonio Sistiaga artista donostiarrarekin lotutako kointzidentzia bat ere badagoela azaldu du Saguesek: “Erakusketa honen aldi berean, Sistiagaren De rerum natura erakusketa ikusgai dago Kursaalean, eta, hain justu, Rosa Sistiagaren ikasle izan zen, Adierazpen Askeko lantegian”. Erakusketa horren harira, hedabide honek luze eta zabal hitz egin zuen Sistiagarekin otsailean, Ziburuko (Lapurdi) bere etxean.
Jarraian, Grabatuak eta gehiago erakusketako hainbat irudi: