"Paris-Niza bazkalostean eta Tirreno-Adriatico arratsaldean": lo kuluxka bikoitza
Tropela.eus ataria da bere droga, txirrindularitza lasterketa guztiak ikusten ditu (lo kuluxka tarteko, noski), Tourmaletera joaten da Frantziako Tourra ikustera (aitzakia da, mozkortzera doa), kategoria txikietako lasterketetan udaltzainarena egiten aritzen da eta bere ere ibiltzen da; Xabier Usabiaga ere behin joan omen zen bere “tropeltxoarekin”. Zure inguruko norbaitekin gogoratu zara? Ziur baietz, eta Atzean Zuloakoak ere halako norbaitekin gogoratu dira oraingoan, argitaratu berri duten bideoan: Maillot Horia.
Txirrindularitza zale amorratu da pertsonaia hau, eta, berarentzat, martxoan hasten da “onena”, txirrindularitza denboraldia heltzen delako. Datozen hilabeteetan ez da sofatik mugituko, eta siestak txirrindularitza lasterketekin lotuko ditu egunero. Asteburuetan, gizonkerietan ibiliko da bere lehengusuarekin eta haren lagunekin bizikletan ateratzen denean, konfinamenduan Tourreko etapak ere egiten omen baitzituen; hori bai, arrabolarekin. Gainera, aita izan da, eta orain, aitatasun bajarekin, “entrenatzeko denbora pila” dauka; haurra zaintzearena bigarren mailakoa omen da. Hori bai, Quebrantahuesos lasterketa egin nahi du, marka polit batekin, “alabari eskaintzeko: “Hau dena zuretzat da, maitia”.
Bosgarren denboraldia
Bosgarren denboraldian murgilduta dago Atzean Zuloa, eta berezitasun gisa, denboraldia osatuko duten hamar bideoetatik bat ikusleen esku utzi dute. Hau da sareetan bota zuten galdera: “Zein pertsona mota irudikatu beharko genuke datorren denboraldi honetan?”. Proposamen guztien artean, Mikel Marrazki erabiltzaileak irabazi du, “parrandan beti besteek liatzen dutelako atertzen dena, baina beti azkena erretiratzen dena”.
Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua aktore donostiarrek gorpuzten dituzte Atzean Zuloaren pertsonaiak. Bagera elkarteak Hiru Damatxo ekoiztetxearekin batera sortutako ikus-entzunezko proiektua da, eta 2018an hasi ziren umorezko esketxak egiten. Bosgarren denboraldiko beste lau bideo argitaratu dituzte dagoeneko: Kriptoanaia, Konkistatzailea, Landarezalea eta Etxejabea.