Artikutzako urtegiaren hustuketari buruzko dokumentala martxoan proiektatuko dute Donostian
Elhuyarrek eta Pixelek Urak aske dokumentala ondu dute, Artikutzako eta Vezinsko (Normandia) urtegien hustuketak ardatz dituena, eta martxoan iritsiko da Donostiako zinemetara. Hain zuzen ere, martxoaren 10ean estreinatuko dute Groseko Trueba zinema aretoan, 19:45ean, eta sarrerak dagoeneko eskuragarri daude. Elhuyarreko Bego Zubia Gallastegi da dokumentaleko zuzendaria eta gidoilaria, Pixeleko Juantxo Sardon Altunak egin ditu argazki zuzendari lanak eta Igor Arroyo Regeirok filmeko musika sortu du, propio dokumentalerako.
74 minutuko dokumentala da, eta naturarekiko harremanaren inguruan eta biodibertsitatea kontserbatzeko jarraitu beharreko bidearen inguruan hausnartzen du. Datozen asteetan Hego Euskal Herriko beste hainbat hiritan eta herritan ere ikusi ahal izango da.
Donostiako Udala da Artikutzako finkaren jabea 1919tik, berez Nafarroan badago ere. Enobietako presa eraiki zutenetik, 1953tik, Donostia urez hornitzeko erabili zuten Artikutzako urtegia, baina 1977an Añarbeko urtegia funtzionamenduan jarri zutenetik, Artikutzakoa erabiltzeari utzi zioten. Urte luzez egon zen horrela, 2017an presan kalteak antzeman zituzten arte; presa botatzea pentsatu zuten, baina, azkenean, urtegia pixkanaka hustea erabaki zuen udalak. 2019an hustu zuten erabat, eta, gaur egun, askotariko landaredia dago gune horretan, baita erditik pasatzen den erreka ere.