Bera Berak garaipenaren bidera itzuli nahi du
Bi urtez baino gehiagoz ligan galdu gabe egon ostean, Bera Berak galdu egin zuen joan den astean Costa del Sol Malagaren aurka. Partida isolatu bat izan zela erakutsi nahi dute donostiarrek, eta horretarako, garaipenaren bila joango dira larunbatean Teneriferen aurkako partidara. Neurketa erraza izan beharko luke Bera Berarentzat, ligako lehenengo sailkatua baita, eta kanariarrak azken aurrekoak dira.
Futbolean, Realak Europa ligako eta Athleticen aurkako derbiko penak kitatzeko aukera du igandean, Osasuna jasoko baitu Anoetan. Imanol Alguacilen taldea ez dago bere unerik onenean, baina burua altxa beharko du hemendik igandera, ligan Europako postuei eusteko. Gertu daude nafarrak: zazpigarrena da Reala, eta hamargarrena Osasuna.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek sailkapenean gora egiten jarraitu nahi du, baina, horretarako, Duran Maquinaria Ensinori irabazi beharko dio larunbatean. Ez luke partida zaila izan beharko donostiarrentzat, ligako seigarrenak baitira, eta hamahirugarrenaren aurka jokatuko baitute.
Azkenik, izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek Bartzelonaren aurka jokatuko dute etxean, eta neskek Quimeras Valdemororen aurka etxetik kanpo. Neurketa garrantzitsua da neskena, finalerdietako kanporaketako lehenengoa baita, eta finalera heldu nahi badute, irabazteak baino ez du balio. Mutilei dagokienez, ez da partida erraza izango, ligako hirugarrenak baitira katalanak, eta donostiarrak seigarrenak.
PARTIDAK
Eskubaloia
Emakumezkoen lehenengo maila, 16. jardunaldia.
- Bera Bera – Tenerife (larunbata, 26, 19:30ean).
Futbola
Gizonezkoen lehenengo maila, 26. jardunaldia.
- Reala – Osasuna (igandea, 27, 18:30ean).
Saskibaloia
Emakumezkoen lehenengo maila, 22. jardunaldia.
- Ibaeta Basket – Duran Maquinaria Ensino (larunbata, 26, 17:00etan).
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehenengo maila, 21. jardunaldia.
- Txuri Urdin – Bartzelona (larunbata, 26, 14:50ean).
Emakumezkoen lehenengo maila, finalerdietako kanporaketa.
- Quimeras Valdemoro – Txuri Urdin (larunbata, 26, 21:30ean).