Immatrikulatzea ez omen zen bekatu
Duela urtebete arte, herritar gehienek gutxitan entzungo zuten immatrikulazioei buruzko ezer, eta, segur aski, ez zekiten zer esan nahi zuen ere. Ordea, iazko otsailetik, asko hitz egin da horren inguruan, Espainiako Gobernuak orduan argitaratu baitzuen Elizak 1998tik 2015era immatrikulatu zituen ia 35.000 ondasunen zerrenda, eta helegiteak aurkezteko aukera zabaldu zuen. Donostian ere badaude immatrikulazio esanguratsu batzuk.
Asko dira azken urteotan Eliza katolikoa inguratu duten eztabaidak: milakotan zenbatzen diren eta Elizak berak estali dituen pederastia kasuak, agintari erlijioso batzuen jarrera ultraeskuindarra, ondasunak negozioa egiteko helburuarekin saltzea, eta abar. Duela urtebete inguru, ordea, beste zalaparta bat piztu zen Elizaren inguruan: immatrikulazioena.
2021eko otsailaren 16an, orduko Espainiako Gobernuko presidenteorde Carmen Calvok txosten bat aurkeztu zuen Ministroen Kontseiluan, non Eliza katolikoak 1998tik 2015era immatrikulatu zituen ondasunen zerrenda zetorren. Guztira, 34.961 ondasun daude zerrenda horretan; 20.014 tenplu eta dependentzia osagarri eta 14.947 finka (lursailak, etxebizitzak, lokalak, eta abar). Ordea, zer da immatrikulazio bat? Funtsean, aurretik erregistratu gabeko ondasun bat lehen aldiz erregistratzea da. 1998tik 2015era, indarrean egon zen Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohiak errege dekretu bidez ezarritako hipoteka araudiaren moldaketa, eta hori baliatu zuen Elizak aipatu 34.961 ondasunak bere egiteko. Jabetza eskubidea justifikatu behar gabe egin zuen, Aznarren legeari esker, Elizak nahikoa baitzuen tokian tokiko elizbarrutiaren dokumentu bat aurkeztearekin, ondasun horiek aipatzen zituena.
Estatuan kasu bereziki esanguratsuak daude, ondasunek duten garrantziarengatik, ospearengatik eta turistikoki sortzen duten diru kopuru handiengatik: Kordobako meskita eta Sevillako Giralda (Andaluzia, Espainia), esaterako. Kordobakoarena bereziki adierazgarria da, 2006an immatrikulatu baitzuen Elizak, soilik 30 euro ordainduta; orain, Kordobako Gotzaindegiak sarrera kobratzen du meskita bisitatzeko.
Hego Euskal Herriko 1.122 ondasun agertzen dira duela urtebete argitaratutako zerrendan: 1.034 Nafarroan, 48 Araban, 31 Bizkaian eta bederatzi Gipuzkoan. Tartean, Donostiako bi daude: Antiguako San Sebastian Martiriaren eliza eta Hipika bideko 91. zenbakiko eremua, 2006ra arte Sortzez Garbiaren kapera zuena. Ordea, Elizak Donostiako beste ondasun esanguratsu bat immatrikulatu zuen urte tarte horretan: Artzain Onaren katedralaren lursaila. Udaleko Ondare sailak hedabide honi azaldu dionez, udaletik Donostiako immatrikulazioen “egoera argitzeko konpromisoa” hartu dute: “Udalak bere esku dagoen guztia egingo du udal ondarea defendatzeko, ordenamendu juridikoan aurreikusita dauden tresnak erabiliz”.
Artzain Onaren orubea udalarena zen
Ez da 35.000 immatrikulazioen zerrendan agertzen, baina Donostiako Elizbarrutiak, Jose Ignacio Munilla gotzain ohia buru, Artzain Onaren lursaila immatrikulatu zuen 2011ko uztailean. Hala azaldu du Berreskuratuz plataformako —Elizak bere egindako ondasunak herriari itzultzearen aldeko plataforma— Jesus Gonzalezek: “1887an, udalak Artzain Onaren orubea Elizari utzi zion, han eliza bat egiteko. Artzain Onaren katedrala egiteko, alegia. Orubea baldintza batekin utzi zion: Elizaren zereginetarako erabiltzen ez bazen, udalari itzuli behar zitzaion”. Hau da, katedrala elizbarrutiarena da, baina lursaila, berez, udalarena. Artzain Onaren katedrala 1897an inauguratu zuten Espainiako erreginaorde Maria Kristinak eta bere seme Alfonso XIII.a erregeak, gaur egungo errege Felipe VI.aren birraitonak. Bitxikeria gisa, katedralaren lehenengo harria Alfonso XIII.ak berak jarri zuen.
Horrela gelditu zen gaia mende batez baino gehiagoz, Munillak, Aznarren legea baliatuta, lursaila immatrikulatu zuen arte. Gonzalezek nabarmendu du bere garaian “prentsaren bidez” izan zuela immatrikulazio horren berri; besteak beste, Gara egunkariak albistea jaso zuen, 2012ko abuztuaren 28an. “Zergatik ez den azaltzen Carmen Calvoren txostenean? Ezta ideiarik ere”, gaineratu du Gonzalezek.
Udalarena zen lursaila immatrikulatuta ere, udalak Artzain Onean dirua inbertitzen jarraitu du urteotan, Berreskuratuzekoak gogorarazi duenez: “Duela gutxi, dorrea zaharberritu dute, eta 1,5 milioi euro gastatu dituzte. %87,5 erakunde publikoek jarri dute eta elizbarrutiak %12,5. Bestalde, argiteria ere berritu du udalak, eta horretarako 400.000 euroko partida bat erreserbatu zuen [azkenean, udalak ohar bidez jakinarazi zuenez, 200.000 inbertitu zituzten]”.
Gonzalezek nabarmendu du Artzain Onarena ez dela udalak Elizari utzitako lursail bakarra: “Loiolako Erriberako elizaren orubea ere udalak utzi zion Elizari, Odon Elorzaren garaian. Beheko solairuan, Super Amara supermerkatua dago, aparkaleku handi batekin batera, eta ez dakigu supermerkatuak zeini ordaintzen dion alokairua edo dena delakoa, udalari, elizbarrutiari edo beste norbaiti. Argitu nahian gabiltza”. Hedabide honek horren inguruan ere galdetu dio udalari, baina ez du horren inguruko azalpenik eman.
San Sebastian Martiriaren eliza, historia luzekoa
35.000 ondasunen zerrendan Donostiako bi ondasun ageri dira, eta Antiguako San Sebastian Martiriaren eliza da ezagunena. “Ez dugu immatrikulazioaren data zehatza, baina seguru da 1998. eta 2015. urteen artean izan zela”. Beraz, ezin da zehaztu zein izan zen immatrikulazioa gauzatu zuen gotzaina, urte haietan hiru gotzain izan baitzituen Donostiako Elizbarrutiak: Jose Maria Setien (1979tik 2000ra izan zen gotzain), Juan Maria Uriarte (2000tik 2009ra) eta Jose Ignacio Munilla (2009tik 2021era).
Esanguratsua da Antiguako elizaren immatrikulazioa, gune erlijioso horrek 1.000 urte inguruko historia baitauka atzetik. Tomas Ezeiza Intxausti Antiguako bizilagunak luze eta zabal kontatu zuen elizaren historia, Glosas Antigutarras liburuan (2008).
Loretopea izena duen eremuari, hain zuzen ere, garai batean han zegoen ermitatik datorkio izena: Loretoko Ama Birjinaren ermitatik. Monastegi bat eta hilerri bat ere izan ziren han, eta Bigarren Karlistaldian gotorleku bat ere eraiki zuten ondoan. Ez dago gaur egungo Miramarren gune erlijioso bat eraiki zeneko data zehatzik, baina 1014an, Antso III.a Gartzez Iruñeako erregeak tenplua Leireko monastegiari eman zionean, erregeak zioen tenplua “zaharra” zela.
Historia laburbiltzearren, urteen gorabeherak tarteko —Lehenengo Karlistaldian, esaterako, kalte nabarmenak izan zituzten eraikin erlijiosoek—, Antiguako zentro erlijiosoa gaur egun Miramar jauregia dagoen gunean egon zen XIX. mendearen amaierara arte. Hain zuzen ere, Espainiako erreginaorde Maria Kristinak eremu horretan udak pasatzeko errege jauregia eraikitzea agindu zuen arte. Udalak erreginaordeari eskaini zion opari gisa jauregia eraikitzea, baina Maria Kristinak ez zuen eskaintza onartu, hiriarentzako “sakrifizio bat” izango zelako. Erreginaordeak berak ordaindu zuen eremu horretako lursailen erosketa eta jauregiaren eraikuntza; finean, beraz, herriak ordaindu zuen. 1888ko ekainaren 27an sinatu zuten zentro ermita botatzeko eta bertan jauregia eraikitzeko akordioa. Antigua auzoa elizarik gabe geldituko zela ikusita, garaiko Donostiako alkateak, Gil Larraurik, elizbarrutiari baimena eskatu zion gune erlijiosoa Matia kalearen hasierara eramateko, gaur egungo tokira, alegia.
Horrela, 1888ko irailaren 24an jarri zuten San Sebastian Martiriaren elizaren lehenengo harria, Maria Kristina eta Alfonso XIII.a han zirelarik. Jose Goikoa udal arkitektoak garatu zuen proiektua, eta 1889ko irailaren 8an inauguratu zuten. XX. mendean moldaketa batzuk egin badizkiote ere, hor jarraitzen du San Sebastian Martiriaren elizak.
Trenbidearen atzean ezkutatutako kapera
Donostiako hirugarren immatrikulazioa donostiar gutxik ezagutuko dute, ez baita Artzain Onaren katedrala eta San Sebastian Martiriaren eliza bezain ikusgarria: Hipika bideko 91. zenbakiko eremua da, Martutene pasealekuaren ondoko trenbidearen atzeko aldean, garai batean Martuteneko Sortzez Garbiaren kapera izan zuena. Kasu honetan ere, ez da jakina zein urtetan egin zuten immatrikulazioa.
Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak gunearen historia errepasatu zuen Galdu genuen hiria (2018) liburuan. XX. mendearen hasieran, gaur egungo Loiola, Txomiñenea eta Martutene auzoetan etxebizitza ugari eraiki zituzten, eta garai hartan eraiki zuten ere aipatu kapera. Luis Elizalde arkitektoak diseinatu zuen, eta lehenengo harria 1915eko maiatzaren 30ean jarri zuten. Hain zuzen ere, urte bereko abenduaren 15ean inauguratu zuten, eta han izan ziren garaiko hainbat agintari politiko eta erlijioso. 2006ra arte egon zen zutik, eta Don Ramon izeneko apaiza izan zen urte luzez arduraduna. Martuteneko bizilagun ugari pasa ziren handik, besteak beste, jaunartzea egiteko.
2006an, ordea, eraikina eraitsi egin zuten, eta, gaur egun, lursail huts bat baino ez dago han.
35.000 baino gehiago dira
Berriki, urtarrilaren amaieran, Eliza katolikoak Espainiako Gobernuari jakinarazi zion immatrikulatutako ia 35.000 ondasunetatik 1.000 itzultzeko aukera aztertzeko prest zegoela. Gonzalezek salatu duenez, ordea, “gehienak partikularrenak ziren, eta beste asko oso egoera txarrean daude; beraz, ez du inork euren kargu egin nahi”. 1.000 horien artean ez dago Gipuzkoako bat bera ere, eta, are gehiago, Donostiako Elizbarrutiak adierazi zuen bere ondasun immatrikulatuak “zuzenki erregistratuta” daudela, eta, beraz, ez diola estatuari ezer itzuli behar. Ondasunak Elizarenak direla frogatzeko “dokumentazio historiko nahikoa” dagoela gaineratu zuen elizbarrutiak.
Horren harira, Berreskuratuz plataformak mobilizazioak antolatu zituen estatu osoko hiri eta herri askotan, tartean Donostian, Ez dira 1.000. 100.000 dira lelopean. Izan ere, Gonzalezek gogorarazi duen moduan, immatrikulazioak ez ziren 1998an hasi: “Immatrikulazioak ahalbidetu zituen lehenengo legea Francoren garaiko bat izan zen, 1946koa. Eta hori ez zen deuseztatu 1978ko Konstituzioa onartuta ere, nahiz eta Konstituzioak dioen Espainia estatu akonfesionala dela”. 1998ra arte, ordea, legez ezin zituzten tenpluak immatrikulatu, eta lursailak eta horrelako ondasunak immatrikulatzen zituzten. Eliza, beraz, 1946tik aritu da immatrikulazioak egiten, eta Berreskuratuzekoen arabera, guztira, 100.000 ondasun bereganatu ditu ordutik.
Hain zuzen ere, 1946tik 1998ra, Gipuzkoan 388 ondasun immatrikulatu zituen Elizak, Berreskuratuzek salatu duenez. Fokua Setienen kudeaketan jarri du Gonzalezek: “Munillaren rola, immatrikulazioen kontuan, hutsaren hurrengoa izan da. Hemen immatrikulazio gehien egin dituena Setien izan da”. 388 ondasun horien artean, ordea, ez dago Donostiako bat bera ere: “Guretzako harrigarria da, baina jabetzaren erregistradoreak hala esan zuen bere garaian, eta Eusko Jaurlaritzak 2016an parlementura bidalitako txostenean hala azaltzen da”, nabarmendu du Berreskuratuzeko kideak.
Plataformak joan den astean egindako mobilizazioetan, gogora ekarri zuen PSOEk eta Unidas Podemosek sinatutako gobernu akordioan dagoela Elizaren inmatrikulazioak bertan behera uzteko eta ondasun horiek berreskuratzeko konpromisoa. Ordea, Berreskuratuzen arabera, ez dira hori betetzen ari. Horregatik, «bereziki» 1978tik, aurrera egindako immatrikulazioak bertan behera uzteko eskatu diote Espainiako Gobernuari, baita 1946tik aurrera egindakoak “sakonki ikertzeko” ere. Gonzalezek argi dauka: “Exijitzen dugu herriarena dena herriari itzultzeko”.