Inkesta: Zer plan egingo zenuke Donostiara egun-pasa datorren lagunarekin?

“Polita izango litzateke Urgullera igo eta handik hiriari begiratzea”
Celia Serna, Bartzelona, Katalunia
Pentsatzen ari naiz polita izango zela Urgullera igotzea eta handik hiriari begiratzea. Tontorrean dagoen Jesusen Bihotzaren estatuaren inguruan paseatzea, eta, gero, olatuak ikustera joan beste aldera, irlaren parera. Gero, Pasealeku Berrira jaitsi eta portutik itzuli Parte Zaharrera. Han pintxo batzuk jan eta Trinitate plazan ogitarteko batzuk jan, haurrek futbolean jolasten duten bitartean.
“San Bartolomeko begiratokira joango nintzateke; hortik Erdialdea oso ondo ikusten da”
Karmele Tejedor, Legazpi, Gipuzkoa
Joan den asteburuan Tolosako lagun batzuk etorri ziren asteburua pasatzera. Beraiek oso ondo ezagutzen dute Donostia, baina okurritu zitzaigun Easo kale ondoan dagoen igogailura joatea, San Bartolomeko begiratokira. Hortik Erdialdea oso ondo ikusten da, eta asko gustatu zitzaien. Gainontzekoan, Parte Zaharrera zerbait jatera joatea eta irlara joatea gustatzen zait.
“Hirian dauden museoetan bisita egingo nuke, San Telmon edo Kutxaren Kubo aretoan”
Ibon Moreno, Donostia
Proposatuko nukeen plan berezi bat, hirian dauden museoetan bisita egitea litzake. Gure herriaren eta Euskal Herri osoaren historia oso ondo kontatzen duen San Telmo Museoa bisitatzea polita litzateke. Arte berrietako museo pilo bat daude, Kutxaren Kubo aretoa adibidez. Donostiako hiritar moduan, hirian dagoen jatetxe on, baina ez oso garesti batera eramango nituzke, pintxoez harago, badugulako janari ona. Astelehena jatetxera, adibidez.
“Hondartzetatik buelta bat eman, eta, ondoren, funikularrean igoko nintzateke Igeldora”
Karolina Artegain, Donostia
Niri ezinbestekoa iruditzen zait hondartzetatik buelta bat ematea; hori derrigorrezkoa da. Hondartzara joan ondoren funikularraren plazara igoko nintzake Igeldora igotzeko, bertako ikuspegiak zoragarriak iruditzen zaizkidalako. Igeldok baditu ibilbide oso politak, eta uste dut plan hori dela hoberena.
“Igeldora joatea gomendatuko nuke, oso leku politak ezagutzen ditut han”
Sergio Gembe, Donostia
Eguraldi ona egingo balu, nik ere Igeldora joatea gomendatuko nuke, oso leku politak ezagutzen baititut han. Santa Klara uhartera edo hondartzara joatea proposatuko nuke. Eguraldi txarra egingo balu –aukera asko daude horretarako–, Aquariumera eramango nituzke, edo Parte Zaharreko pintxo potera.
“Surfa egitera joango nintzateke, eta, arratsaldean,futbol partida bat ikustera Anoetara”
Chema Raigon, Kordoba, Andaluzia
Nire lagunak Donostia ezagutzera etorriko balira beraiekin surfa egitera joango nintzateke. Arratsaldean futbol partida bat ikustera joango ginateke Anoetara, Reala animatzera. Eta jatera, sagardotegi batera baino, nahiago dut Miramongo hotelean dagoen jatetxe batera joatea, han oso ondo ematen dutelako jaten.