Lucas Egibar: "Domina nahi nuen, baina pozik nago diplomarekin"
Amaitu dira Pekingo Neguko Olinpiar Jokoak, eta bertan egindako lanaren balorazioa egin dute ostiral goizean Donostian Basque Team fundazioko Lucas Egibar snowboarder donostiarrak eta Imanol Rojo iraupen eskiko kirolari tolosarrak. Egibar zazpigarren gelditu zen Pekinen, diploma olinpikoa eskuratuta; Rojo, aldiz, 21.a izan zen Skiathloneko proban, 39.a hamabost kilometrokoan eta 21.a 50 kilometrokoan. Euren lanarekin “eskertuta” agertu dira Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondo eta Basque Team fundazioko koordinatzaile Olatz Legarza, eta biek ala biek adierazi dute bi kirolarien lana “nabarmentzekoa” izan dela.
Egibarrek eta Rojok nabarmendu dute “gogorra” izan dela Olinpiar Jokoetan lehiatzea, batik bat, “hilabete eta erdi” egon behar izan dutelako “familia eta lagunak ikusi gabe”, koronabirusarekin kutsatzea saihesteko, lehiatu ahal izateko. Horrela ere, biak ala biak “pozik” agertu dira egindako lanarekin.
Egibar bizkarreko lesioa arrastatzen heldu zen Beijingera, eta horrek bere jarduna asko baldintzatu zuela deitoratu du: “Ez dakit zer gertatuko zen Olinpiar Jokoetan bizkarreko lesioa izan ez banu, baina ziur gutxienez gehiago entrenatuko nuela: Munduko Koparako [egungo txapelduna da] 45 egunetan entrenatu nuen, eta oraingoan hamabi egun entrenatuta iritsi naiz; azken finean, iristea zen helburu nagusia. Hala ere, lasterketan dena eman nuen, berdin-berdin”. Hiru Olinpiar Jokotan lehiatu da dagoeneko Egibar, baina hiruetan dominarik gabe gelditu da, eta arantza hori duela onartu du: “Domina nahi nuen, baina pozik nago diplomarekin”.
Era berean, azaldu du medikuek esan diotela ez duela bizkarreko lesioa sendatzeko ebakuntzarik egin beharko, eta horrekin pozik agertu da. Horrela ere, bizkarreko mina arintzen ez bada, deitoratu du “zaila” ikusten duela urte askoz gehiagoz elitean lehiatzen jarraitzea: “Baikorra naiz, baina Beijingera joan aurretik ere baikorra nintzen. Lesioaren aurretik hurrengo bi Olinpiar Jokoetara iristea nuen helburu, eta hala izatea nahi dut oraindik, baina errealista izanda, orain izaten ari naizen bizkarreko minarekin, justu-justu iritsiko nintzateke hurrengoetara, Milangoetara. Hala ere, oraindik urruti ikusten ditut, eta urtez urte joango naiz”.