"Oso barrutik bizi ditugu inauteriak"
Altza da inauterietan desfile eta karroza gehien ateratzen dituen auzoa. Konpartsa gehien dituena ere bada. Altzakoak dira Amaia Diez eta Ruben Rodriguez. Intxaur Txiki eta Mystic konpartsetako kide eta koordinatzaileak dira, hurrenez hurren. Iaz ez zen desfilerik izan, eta aurten kalera ateratzeko sekulako gogoa dutela aitortu dute.
Noiz sartu zineten inauterien munduan?
Ruben Rodriguez (R.R.): Anaiari esker izan zen. 9 urterekin hasi nintzen desfilatzen. Alegria konpainian hasi nintzen 1991n, eta gero Gurea konpartsan aritu nintzen hainbat urtetan.
Amaia Diez (A.D.): Adiskideak izan zen nire lehen konpartsa. Orduan, trajeak guk egiten genituen, eta Altzan soilik ateratzen ginen. Gerora, nire lagunek Lagun Artea konpartsan sartu ninduten. Urte asko eman nituen beraiekin. Dena dela, ikasketengatik eta amatasunarengatik denbora batez utzi behar izan nuen, inauterien harra berriz ere piztu zitzaidan arte.
Hain zuzen ere, egun konpartsa propioa duzue. Noiz sortu zenuten?
R.R.: Mystic konpartsa 2011n sortu nuen anaiekin eta hainbat lagunekin. Hasieratik, konpartsa handia gara, eta urteekin taldea sendotzea lortu dugu. Askotan diot konpartsa familiarra garela. Gaur egun oso antolatuta gaude.
A.D.: Intxaur Txiki konpartsa, berriz, nire ahizparekin eta beste lagun batekin sortu nuen 2008an. Orain ahizpak eta biok daramagu konpartsa, baina monitore gazte batzuen laguntza dugu. Horietako bat nire alaba da. Koreografiak eta eskulanak egiten dituzte. Konpartsa handia ginen, baina aurten ertaina izatera pasa gara. Urte zaila izan da guretzat, baina aurrera atera gara. Zerotik hasiko gara.
Altzan zergatik bizi dituzue horrenbeste inauteriak?
R.: Ikaragarria da gure auzoak duen tradizioa. Aspaldikoa da. Inauteriak txikitatik bizi ditugu gure auzoan. Altza da konpartsa gehien dituena. Santa Barbara da zaharrenetakoa. Egia esan, auzoko belaunaldi gehienak pasatzen dira inauterietatik. Kuadrilla askok parte hartzen dute urteen joan-etorrian. Batez beste hamar bat urterekin hasten dira eta 20 bat urterekin uzten dute. Halere, gero beste asko itzultzen dira ikasketak bukatuta eta familia osatuta.
A.: Gainera, Altzan jende asko mozorrotzen da eta etxe askotako balkoiak apaintzen dituzte. Altzakoak gara eta maiteminduta gaude Altzako inauteriez.
R.: Egia esan, ez da gauza bera inauteriak kanpotik ala barrutik ikustea. Irailean hasten gara izen-emateekin. Ondoren gaia hautatzen dugu, trajeak sortzen ditugu, musika aukeratzen dugu eta koreografiak prestatzen ditugu. Noski, karrozak ere sortzen ditugu. Konturatzerako urte osoa ematen dugu inauteriekin bueltaka. Oso barrutik bizi ditugu inauteriak.
Aurten zenbatek osatzen duzue konpartsa?
R.R.: 143 pertsona aterako gara Mysticen desfilean. Azken urteetan antzeko kopurua mantendu dugu. 180 izatera iritsi ginen, baina kopuru hori gehiegizkoa zela konturatu ginen. Garrantzitsuena ondo pasatzea da, eta eguraldia ona izatea.
A.D.: 83 bat lagun izango gara. Gutxiago gara eta gure desfilean nabarituko dugu. Halere, lasai gaude eta gozatzea dugu helburu.
Zuek ere dantzatuko zarete?
R.R.: Dantza asko egindakoa naiz, baina Mystic konpartsarekin ez dut sekula dantzatu. Antolaketa kontuetan soilik aritzen naiz. Dena dela, desfilatzen dut, eta salbuespen batzuk egin ditut. Esaterako, inauterietako nire 25. urteurrenean dantzatu nintzen. Era berean, 2020an Momo jainkoa izan nintzen, eta gaur iluntzean Illunben dantzatzea tokatuko zait testigua pasatzeko. Nire azken dantza izango da.
A.D.: Nik ere ez dut dagoeneko dantzatzen, baina sekretu bat kontatuko dizuet. Aurten koreografia bat sortu dut, eta, bai, pixka bat dantzatuko naiz.
Zein gai aukeratu duzue aurtengo inauterietarako, eta zein izango da zuen musika errepertorioa?
R.R.: Heroiak eta bilauak. Umeak omendu nahi ditugu, pandemiako heroiak direlako. Guk sekula ez dugu horrelako gai bat jorratu. Marvel eta DC komikietako protagonistez mozorrotuko gara. Besteak beste, Batman eta Robin eta X-Men. 22 traje ditugu, pentsa. Musika, berriz, gazteek gustuko dutena hautatu dugu. Guztira, zazpi abesti ditugu eta horien artetik bat nabarmenduko nuke; Bonnie Tyler abeslariaren I Holding Out For A Hero kantua. Horrez gain, gure karrozaren atzean Saratogaren abesti bateko esaldia jarri dugu: Una vez fuimos héroes, el valor nuestra identidad.
A.D.: Arlekinen festa koloretsua. Gure asmoa da hainbat garaitako arlekinak erakustea. Horrela, Napoleonen garaiko arlekin pirata bat dugu, erregeen garaiko bufoia, Erdi Arokoa eta komikietako Harley Quinn pertsonaiarena. Zortzi traje genituen eta batzuk kendu behar izan ditugu jende faltagatik. Musikari dagokionez, askotarikoa da. Berritasun gisa, euskarazko bat sartu dugu.
Donostia Festakek desfile ofiziala bitan banatzea erabaki du. Zer iruditzen zaizue?
A.D.: Bilera egin genuenean aukera hori proposatu ziguten, eta nik esan nien desfilatzeko aukera bakarra bazen prest geundela. Nahiago dut konpartsak bi auzotan banatzea, desfilerik ezin dugula egin esatea baino.
R.R.: Niri berdin zait, baina desfilatu nahi dugu. Karrozarik gabe ateratzeko aukera ere aipatu ziguten, baina azkenik karrozarekin desfilatuko dugu. Dena dela, karroza gabe ere ateratzeko prest geunden.
Iaz ez zenuten desfilatzerik izan, baina aurten bai. Zer eskatzen diezue asteburuko desfileei?
A.D.: Jendearen berotasuna. Guk ere alaitasuna transmititu nahi diegu. Tira, eguraldi ona ere nahi dugu.
R.R.: Azken entseguan nire konpartsako kideei esan nien gozatzeko unea dela. Berdin du dantza hobeto edo okerrago jakin, irribarre egin dezagun, maskara eraman edo ez. Eta noski, inauterietan behar bezala desfilatzeko eguraldi ona behar dugu.