'Antigone edo ezetzaren beharra' obrak irabazi du Donostia Antzerki Saria
Donostia Kulturak eta udaleko Euskara Zerbitzuak iragarri dute XXII. Donostia Antzerki Sariaren irabazlea: Horman Poster konpainiaren Antigone edo ezetzaren beharra. Aurreko urtean hirian eskainitako helduentzako euskarazko antzezlanik onena aukeratzen du sariak, eta antzerkiaren munduko aditu batzuek osatutako epaimahaiak –Nagore Orbeltzu (AISGE), Arantzazu Fernandez (Antzerki kritikoa), Kepa Ugartemendia (antzerki zalea), Oihan Zubizarreta (EHAZE), Iñigo Aranburu (Euskal Aktoreen Batasuna), Frank Suarez (Euskal Kultur Erakundea), Maider Iturbe Mujika (publikoaren ordezkaria) eta Xabier Dorronsoro (publikoaren ordezkaria) dira aditu horiek– Horman Posterrena saritzea erabaki du aurten.
Horrela, konpainiak 12.000 euro eta Oaia Peruarena artista nafarraren artelan bat jasoko ditu, sari gisa. Martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, egingo dute sari banaketa, Viktoria Eugenia antzokian (19:00etan), eta obra taularatuko dute ondoren.
Epaimahaiaren ustez, Antigone edo ezetzaren beharra “obra klasiko ezin garaikideagoa da eta ezinbestekoa zen haren oihartzunak euskaraz entzunaraztea”.
Euskarazko antzerkia Donostian
Donostia Kulturak eta udaleko Euskara Zerbitzuak hitzarmena sinatu zuten 2000. urtean, Donostian Antzerki Saria antolatu eta helduentzako euskarazko antzerkiaren eskaintza sustatzeko eta egonkortzeko. Ordutik, horretan lanean dihardute, eta 2021ean helduentzako hogei euskal antzezlan eskaini zituzten Donostian, guztira, 45 emanaldi izan ziren. Ordea, pandemia egoera eta antzokietako edukiera murrizketak tarteko, jaitsi egin da ikusle kopurua: 6.609 ikusle izan ziren 2021eko helduentzako euskal antzezlanak ikusten, 2020an baino 3.142 gutxiago; 9.751 izan ziren 2020an –hemezortzi antzezlan eta 44 emanaldi–, 4.439 2019an –hamabost antzezlan eta 48 emanaldi– eta 2.456 2018an –hamasei antzezlan eta 45 emanaldi–.
2021ean Donostian eskaini diren helduentzako hogei euskal antzezlanetatik, hemezortzik betetzen zituzten saria jasotzeko baldintzak, eta hemezortzi horien artean izan da lehia. Honakoak izan dira hemezortzi obrak: Konpromisoa, Anton Abaddia Dublinetik Hendaiara, Sisiforen paperak, Atzerrian lurra garratz, Antigone edo ezetzaren beharra, Ama kuraia, Ameriketako bidaia, Ez dok ero, Porno vs, Afrodita, Bost minutun, Oymyakon: 101 gela, Amua, Maitasunaren itxiera, Lubaki lainotsua, Altsasu, Kopaz kopa, Nekatutak eta Kottauak.