Elena Brockmann de Llanosen koadro bat ekarri dute Madrilgo Prado museotik
'Patio de un parador' (Paradore bateko patioa) koadroa San Telmo Museoko erakusketa iraunkorrean izango da urtebetez. 'Baginen bagara' erakusketaren harira berreskuratu eta zaharberritu dute lan hau.
San Telmo Museoko Arte Ederretako aretoetan Elena Brockmann de Llanosen (Madril, 1865- 1946) Patio de un parador margolana dago ikusgai. Tamaina handiko koadroa da (151x300cm), eta Madrilgo Prado museoak 1901ean utzi zuen gordailuan San Telmo Museoan, museoa bera inauguratu aurretik.
Artisten eta partikularren dohaintzak eta hainbat erakunderen gordailuak funtsezkoak izan ziren Donostiako udal museoaren (gaur egungo San Telmo Museoa) sorreran. Hala azaldu du San Telmo Museoak. Bere ibilbideko lehen urteetan Pradoko museoaren laguntza aipagarria izan zela nabarmendu du, 1901ean interes handiko bost lan gordailuan utzi baitzituen (1901eko abuztuaren 3ko Errege Agindua), horien artean Elena Brockmannen Patio de un parador. Museoan sartzen den lehen obretako bat da, eta emakume batek margotutako lehena; egoera horrek berezi bihurtzen du.
Orain, Baginen Bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak erakusketa dela eta. koadroa zaharberritu egin da, eta urtebetez ikusgai izango da arte bilduma historikoaren aretoan. Baginen bagara erakusketak, San Telmo Museoko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bildumen bidez, XIX. mendetik artearen sistemak artistak baztertzeko erabili dituen estrategiak jorratzen ditu. Hasierako proiektuan Patio de un parador obra ere bertan izatea aurreikusita zegoen, baina azkenean ezetsi egin zen bere tamaina handiagatik. Hala ere, obraren kalitateak eta bere historiak, museoarenarekin hain lotuta dagoenak, kokaleku berri batean eta erakusteko denbora gehiagorekin ezagutzera emateko modu bat bilatzea eragin dute.
Carlos G. Navarro, Pradoko XIX. mendeko Pintura Arloko teknikaria, Donostia Kulturako zuzendari Jaime Otamendirekin eta San Telmo Museoko zuzendari Susana Sotorekin izan da museoko aretoetan koadroaren sarrera aurkezteko. Horrela, Elena Brockmannen margolana urtebetez egongo da ikusgai San Telmo Museoko arte- bilduma historikoaren aretoan, eta Joaquín Sorollaren zenbait lanetatik gertu kokatu da, garaikidea.
Brockmannen obrarekin batera, bilduma pribatu bateko taula bat dago ikusgai. Bertan, artista bera ikus dezakegu Paso de una procesión por el claustro de San Juan de los Reyes, Toledo koadroa margotzen, bere tailerrean, lanabesez inguratuta. Era berean, Gordailuan azken hilabeteetan egin den azterketa eta zaharberritze prozesua jasotzen duen bideo bat aurkeztu da. Artelana egoera onean zegoen, baina bernizen oxidazioa zela eta, jatorrizko koloreak halo horixka opako batean bilduta zeuden. Garbitasunak freskotasuna itzuli die, eta orain koadroa bere ñabardura guztiekin ikusteko aukera dugu.
Elena Brockmann de Llanos, familia dirudun eta intelektual bateko alaba
Brockmannek San Fernandoko Arte Ederren Erret Akademian ikasteko aukera izan zuen. Naturaleko Marrazkia izan zen ikasi zuen irakasgaietako bat, eta horrek zalaparta handia eragin zuen garaiko gizartean, irakasgai horretan giza gorputzaren anatomia ikasten baitzen, eta hori debekatua zegoen emakumeen prestaketa artistikoan. Akademia horretan ikasi ondoren, Erromara joan zen Elena Brockmann, eta Mariano Benlliure izan zuen irakasle bertan. Prestakuntza horri esker, bere garaian bizirik zeuden artisten artean ospe handien lortu zutenen artean egon zen eta zenbait generotan aritzeko aukera izan zuen, historiako pintura nabarmentzen delarik genero horien artean, debekatuta baitzegoen emakumeentzat. Bere ibilbidearen inflexio-puntuetako bat 1887ko Arte Ederren Erakusketa Nazionala izan zen: lehiaketa horretan aurkeztu zuen Patio de un parador (Paradore bateko patioa) obra, La vuelta de la Caza (Ehizatik itzuleran) eta La Chochara obrekin batera. Erakusketa horretako sari-banaketak polemika sortu zuen, izan ere, epaimahaiak hainbat artistaren obra nabarmendu baitzuen -tartean Brockmannena eta beste emakume artista batzuena (“emakume erakusketariak”)-, saria jasotzea merezi zutelakoan, baina araudiak ez zuen horrelakorik ahalbidetzen. Honek eragindako polemikaren ondorioz, araudia aldatu egin zen ondorengo edizioan.
Obra hau Sustapen Ministerioak erosi zuen 1887tik 1894ra luzatu ziren negoziazio gogorren ostean. Negoziazio horietan Brockmannek ez zuen etsi, eta 1894an 3.000 pezetaren truke erosi zioten lana. Horrela, Pradoko Museoaren bildumari gehitu zitzaion koadro hau eta gordailu bezala sartu zen 1901ean San Telmo Museoan.”