Eusko Jaurlaritzak Mikel Zabalza omendu du, biktimatzat aitortu ondoren
Eusko Jaurlaritzak aitortu egin du Mikel Zabalza poliziaren gehiegikerien biktima izan zela, Guardia Zibilak atxilotu ondoren 1985ean hil zelako “izaera bortitza” izan zuela eta torturatu ostean desagerrarazi zutela ondorioztatu baitu. Hori dela eta, 135.000 euroko kalte ordaina emango dio familiari. Batzordeak, hain zuzen ere, familiak gertatutakoaz galdetzean jasotako “tratu ankerra” gaitzetsi du txostenean.
Mikel Zabalza zenaren senideek eskatu zioten Jaurlaritzari hura biktima gisa aitortzeko, eta eskaera aztertu duen Balorazio Batzordeak aldeko ebazpena argitaratu du orain. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek atzo eman zion Zabalzaren familiari “1978ko abenduaren 29tik 1999ko abenduaren 31ra bitartean, bizi izandako motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan, bere giza eskubideak urratzearen biktima dela onartzen duen ebazpena”, Jaurlaritzak azaldu duenez.
Senideen ustez, aitortzarena “aurrerapauso handi bat” da. Berria egunkariari adierazi dute euren helburu nagusia anaiari buruz “egia jakitea” dela. Atzoko omenaldian izan dira ere Juana Balmaseda Balorazio Batzordeko presidentea, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako sailburu Ana Ollo Hualde, Orbaitzetako Udaleko ordezkariak eta Mikel Zabalza Gogoan plataformako kideak, besteak beste.
Público hedabideak Mikel Zabalza (1952-1985) Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean jasandako torturen ondorioz hil zela agerian uzten duten grabazioak argitaratu zituen iaz. Zabalza atxilotu zutenean CESID-eko (Centro Superior de Informacion de la Defensa) koronela zen Luis Alberto Peroteren eta Galindoren aginduetara zegoen Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa bat da grabazioa, eta Zabalza Intxaurrondon hil zela adierazten dute: “Esku artetik joan zaie, galdeketan gelditu zaie”, dio Gomez Nietok. Grabazio horien harira, Donostiako Udalbatzak erakunde adierazpena plazaratu zuen, eta Mikel Zabalzaren heriotza argitzeko eskatu zuten Donostiako udal talde guztiek.
Guardia Zibilak Mikel Zabalza orbaizetarra atxilotu zuen Altzako bere etxean. Zabalza atxilotu eta Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten, eta operazio berean Ion Arretxe idazlea, Idoia Aierbe (Zabalzaren bikotekidea), Manuel Bizkai (Zabalzaren lehengusua) eta Patxi eta Aitor (Zabalzaren anaiak) atzeman zituzten. Atxilotuek torturak salatu zituzten, eta Mikel abenduaren 15ean agertu zen hilik Bidasoa ibaian, ikertzaileek aurreko egunetan miatutako leku berean. Bertsio ofizialaren arabera, ETAren zulo bat egiaztatzen ari zirela (ETAkoa izateagatik atxilotu zuten Zabalza, baina ez da inoiz frogatu Orbaizetakoak talde armatuarekin harremana zuenik), Zabalzak guardia zibilengandik ihes egin zuen, ibaira erori zen, eta itota hil zen. Hainbat ikerketek bertsio hori ezeztatu dute, eta, besteak beste, Paco Etxeberria forenseak salatu izan du Zabalza torturapean hil zela.