Ipar Euskal Herriko sortzaileen erakusleihoa
21. Iparraldea Bertan hasiko da Donostian. Lau saio berezi eta erakusketa bat izango dira Koldo Mitxelena kulturunean.
Ipar Euskal Herriko artistak zuzenean ikusi eta euren lana hobeto ezagutzeko aukera ematen du Iparraldea Bertan jaialdiak. Musika, antzerkia, filmak, mintzaldi kantatua… Ipar Euskal Herriko egileek zer egiten duten erakustea da programa honen helburua, eta zubiak eraikitzea Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren artean.
Euskal Kultur Erakundeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, 21. aldia izango du aurten Iparraldea Bertan zikloak. Martxoaren 1etik 25era, lau saio berezi eta erakusketa bat izango dira Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean; 19:00etan hasiko dira saioak —ez da sarrerarik ordaindu beharko—.
Zikloa erakusketa baten inaugurazioarekin hasiko da asteartean, martxoaren 1ean, Francoren mende kantatzen genuenean liburua oinarri hartuta prestatu dutena. Eta egun berean egingo dute lehen saioa, liburu hori bera hizketagai dutela. Donostian izango da Colette Larraburu idazle eta kazetaria, eta ondoan izango ditu Peio eta Pantxoa, Beñat Sarasola, Joanes Borda, Panpi Lacarrieu, Patxika Erramouspe eta Gexan Alfaro abeslariak. Larraburuk euskal kantagintza garaikidearen historiaren zati bat azaldu du liburuan. Francisco Francoren diktadura garaian, euskara debekatua zegoela, Ipar Euskal Herriko hainbat abeslari Hego Euskal Herrira joan ziren kantatzera, eta orduko gertakizunak gogoratuz saio berezia egingo dute asteartean, zuzeneko kantuekin.
Datorren astearteko lehen saio berezi horren ondoren, Lumi Donibane Lohizuneko (Lapurdi) elektro-indie taldearen kontzertua izango da martxoaren 8an. Nahia Zubeldiak —Unama taldea— eta Manu Matthysek —Matthys eta Odei taldeak— 2014an sortutako proiektua da Lumi. Euskal kantuen eta folk melodien inguruko ekarpena egingo du Zubeldiak, eta musika elektronikoaren aldeko apustua Matthysek. Bezperen Dirdira disko berria prestatzen ari dira biak, Usopop diskoetxearekin.
Astebete geroago, martxoaren 15ean, Mixel Etxekoparrek (ahotsa, xirula, flautak eta perkusioa) eta Jean Kristian Galtxetaburuk (esku soinua eta ahotsa) Etxetaburu ikuskizuna eskainiko dute, bertso zahar eta berriagoekin.
Martxoaren 22an, berriz, Erleketa film laburra emango dute, Oskar Alegriaren azken lana. Film laburra ikusteaz gain, Alegriarekin hizketan aritzeko aukera izango da amaieran.