Ostegunean egingo dute Odon Elorzak Mario Diezen aurka jarritako salaketaren epaiketa
Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako epaiketa nagusia hastear da, baina, aurretik, auziarekin zerikusia duen beste epaiketa bat egingo dute: Odon Elorza alkate ohi eta egungo Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatuaren eta Cabezudoren hamazazpi biktimaren abokatu Mario Diezen artekoa. Hain zuzen ere, Elorzak bere garaian Diezen aurkako salaketa aurkeztu zuen, abokatuak ohorea izateko bere eskubidea urratu zuela argudiatuta; izan ere, Diezek Cabezudo kasuarekin lotu zuen Elorza. Ostegunean, hilaren 3an, egingo dute epaiketa, Donostiako epaitegietan, eta Elorzak 300.000 euroko kalte ordainak eskatzen dizkio Diezi, Indarka plataformak, Cabezudoren hainbat biktimek osatutakoak, jakinarazi duenez.
Indarka plataformak adierazpen bat plazaratu du epaiketaren harira, eta “baldintzarik gabeko eta erabateko babesa” helarazi diote abokatuari, baita urte hauetan guztietan beraien alde egin duen eta egiten jarraitzen duen lana eskertu ere. Era berean, Elorzaren jarrera salatu du Indarkak: “Kasuaren izapidetze prozesuaren bederatzi urteotan [2013an hasi zen izapidetze prozesua], ez dugu berarengandik babes hitz bakar bat ere entzun, ez du gure egoerarengatik interes izpirik ere izan”. Gaineratu dute alkate ohiari bere duintasun propioarekin “kezkatuago” dagoela “bere lagunak abusatutako hamarnaka neskatorenarekin baino”.
Bestalde, Elorzak Cabezudorekin ustez izandako harremana salatu dute Indarkakoek: “1991. eta 2011. urteen artean, Odon Elorza Donostiako alkate zenean, bere argazkilari eta lagun Kote Cabezudo ehunka delitu egiten ari zen, martxoaren 7tik aurrera epaituak izango direnak”. “Odon Elorza Kote Cabezudoren webgunean ‘alkate berezi’ gisa agertzen zenean, gutako asko ere webgune berean agertzen ginen, baina oso helburu desberdin batekin”, deitoratu du Indarkak.