'Uraren Ninfa' eskultura jatorrizko lekuan jarri dute
Alderdi Ederrera itzuli da Uraren Ninfa eskultura, berritze lanak egin ondoren. Iazko urrian kendu zen urmaeletik, kaltetuta zegoelako. Iturria elikatzen zuen ur hodia herdoilduta zegoen. Denbora horretan, eskulturaren saneamendu lanak egin, hodi berri bat jarri, margotu eta urmaela egokitu dute.
Era berean, urmaeleko azulejuak berritu dituzte, horietako asko puskatuta zeudelako. Oso azuleju bereziak dira, eskuz margotutako marrazki desberdinekin, eta ez dira merkatuan aurkitzen errazak, tailerretan berariaz enkargatzen ez badira behintzat. Urmaela errematatzeko, urez bete eta ninfa eusten duen iturria piztu behar da.