Amara kaleko hiru etxebizitza botatzeko proiektua onartu du udalak
Donostiako Udalak Amara kaleko 11., 13. eta 17. zenbakietako etxebizitzak botako ditu. AGM arquitectos enpresak idatzi du eraisteko proiektua eta 504.621 euroko aurrekontua du. Hiru eraikinak udalaren jabetzakoak dira. “Etxebizitza hauek konpontzeak ez du merezi. Garestiagoa da birgaitzea, bota eta berriz ere eraikitzea baino”, adierazi du Eneko Goia alkateak.
2020ko urriaren 27an hartu zuen udal gobernuak Amara kaleko hiru eraikin hustu eta eraisteko erabakia. Udal teknikarien arabera, “egiturazko patologia larriak” dituzte 11., 13., eta 17. zenbakiko eraikinek, eta segurtasun arrazoiengatik botako dituzte. Udalak iragarri zuen hiru eraikinetan bizi diren familiei Morlansen emango dietela aldi baterako bizilekua. Ordea, Amara kaleko 17. zenbakian lokala partekatzen duten Amara Bai auzo elkarteak, Amara Kirol Elkarteak eta Amarako jai batzordeak ordezko leku baten zain jarraitzen dute.