Chernobil elkarteak laguntza behar du, Ukrainako gerrak kaltetutako haurrak laguntzeko
Errusia Ukrainan gauzatzen ari den inbasioa dela eta, Chernobil elkartea Txernobylgo zentral nuklearraren inguruko haurrak eta familiak laguntzeko lanean dabil, buru-belarri. Hain zuzen ere, kontu korronte bat ireki dute, nahi duen orok diru ekarpenak egin ditzan, Ukrainara diru laguntzak, janaria, botikak eta beharrezko baliabideak bidali ahal izateko. Honakoa da kontu korrontea: ES62 2100 6491 1222 0003 6970. Edonork egin ditzake ekarpenak. Era berean, gogorarazi dute Txernobylgo kutsadura nuklearrak kaltetutako haurrentzako harrera familiak behar izaten jarraitzen dutela, ahal bezain laster, haurrak hona ekartzeko, uda pasatzera. Telefonoa 670-41 90 78 da.
Nerea Albisu donostiarra (Amara Berri, 1966) elkarteko zuzendaritzako kide da, eta hedabide honek elkarrizketatu egin du, elkartetik gerra nola bizitzen ari diren ezagutzeko eta udan ekarri ohi dituzten haurrak nola dauden jakiteko. Elkarrizketa osoa ostiralean irakurri ahal izango da paperezko astekarian eta webgunean, baina, ordura arte, hemen duzue aurrerapen txiki bat:
Asko hitz egiten duzu udan ekarri ohi dituzun haurrekin?
Orain bi haur ekartzen ditut, baina lehen Marina izeneko neska bat ekartzen nuen, orain 22 urte dituena. Horrek Kieven egiten du lan orain, eta Interneta daukanez, errazagoa da berarekin komunikatzea. Beste bi haurrek, ordea, ez daukate Internetik. Pasa den ostiralean hitz egin nuen beraiekin, hain justu, Maria izeneko ukrainar bat ezagutzen dudalako hemen, eta berak deitu zion haurren aitari telefonoz. Ondo zeudela esan ziguten: ezkutatuta, dokumentazioa eta maleta txiki bat prest, badaezpada ere, korrika atera behar badute dena prest izateko.
Gainera, esan digute erradiazioa igotzen ari dela, errusiarren tankeak pasatzen ari direnez, kutsatutako lur guztia mugitzen ari direlako.
Oso beldurtuta daude, ez dakitelako zein izango den beraien etorkizuna. Pentsa, haur eta familia hauek lehenengo kutsadura nuklearra jasan dute, ondoren pandemia eta orain gerra hau. Pandemia mundu guztiak sufritu du, bai, baina dirurik ez daukanak ez du berdin bizi. Adibide gisa: Gabonetan hona etorri ziren, eta ez zeukaten maskararik ere; guk bidali behar izan genizkien hemendik, behintzat bidaiarako. Eta, orain, gerra hau; zeukaten gutxi hori suntsitu diete.
Elkartetik zer egiten ari zarete orain?
Ezin dugu mundua salbatu, argi dago, baina behintzat ume txiki bati edo familia bati bizitza duinagoa izaten lagundu diezaiokegu. Era berean, harrera familia gehiago bilatzen jarraitzen dugu, eta familiak deitzen ditugu gure elkartearekin bat egitera, 670-41 90 78 telefonora deituta.
Orain, Europako hainbat herrialderen artean korridore humanitario bat sortu nahian gabiltza, haurrak handik ateratzeko. Kontua da adin txikikoak handik ateratzeko, harrera familia bat izan behar dute, eta horretarako kudeaketa lanak egiten gabiltza. Hala ere, gauza hauek mantso doaz. Espainiako Gobernuarekin harremanetan gabiltza, gu bezalako beste elkarte batzuekin batera.
Asmoa da adin txikikoak Ukrainatik ateratzea, baina ez behin betiko, gauzak pixka bat lasaitu arte. Azken finean, gurasoak han geldituko dira, eta haurrek euren herrialdera itzuli nahiko dute. Horrez gain, diru asko beharko dugu etxeak berreraikitzen laguntzeko, janaria eta botikak bidaltzeko, eta abar. Horregatik, kontu korronte bat ireki dugu, Txernobylgo haurrei laguntza bidaltzeko.