Donostiak 18 milioi euro inguru jaso ditu Europako funtsetatik
Eneko Goia alkateak jakinarazi duenez, Donostiak 18.208.995 euro jaso ditu Europako Next Generation funtsetatik. Horri esker, mugikortasun jasangarria, turismoa, gizarte ekintza eta merkataritza, besteak beste, sustatzeko 50 proiektu inguru diruz lagunduko dute. “Laguntza hauek lortzea albiste oso ona da hiriarentzat, eta baita Europaren aitortza jasotzea ere, udala jasangarritasun eta modernizazio politiketan egiten ari den lanarengatik. Horrek erakusten du norabide onean goazela aurrera egiteko”, adierazi du Goiak.
Mugikortasun jasangarriaren sektorea izan da onuradun nagusietako bat. Izan ere, 12.207.374 euro jaso ditu guztira emisio txikiko eremuak ezartzeko eta hiri garraioa modu jasangarrian eraldatzeko, laguntza programaren barruan. Funts horiekin ordainduko dira, besteak beste, hemeretzi autobus elektriko –12 metroko hamahiru eta 18 metroko sei–, karga guneak eta azpiegiturak, hondakinen bi kamioi, hiri garraioan ordaintzeko moduen digitalizazioa eta geltokien eskariaren aurreikuspena.
Bestalde, hiriko turismo sektorearen jasangarritasun eta modernizaziorako plan integralak 4.400.000 euro jaso ditu, lau ardatz nagusitan banatuta: trantsizio berdea –1,2 milioi–, trantsizio energetikoa –1,4 milioi–, trantsizio digitala –1,1 milioi– edo lehiakortasuna –700.000 euro–. Ardatz horien barruan honako jarduera hauek egingo dira: Artikutzako natur ingurunearen balioa nabarmentzea, Illunbeko aldirietarako aparkalekurako autobus elektrikoa erostea, Parte Zaharrean zuntz optikoa hedatzea, enpresentzako sentsibilizazio energetikoko kanpainak, monitorizazioa, laguntza eta aholkularitza.
Merkataritzari dagokionez, 1.354.960 euro jaso dira, merkataritza jarduera indartzeko, honako ekintza hauen bidez: obra zibila egitea Antso Jakitunaren hiribideko ardatz bikoitiko espaloiak zabaltzeko, bide publikoan inbertsioak egitea, eguzki banku adimendunak jartzea, jende pilaketak eta mugikortasuna kontrolatzea eta argiztapen adimenduna instalatzea.
Azkenik, Gizarte Ekintza sailak 246.661 euro jaso ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera proiektu pilotu bat garatzeko. Zehazki, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileak etxean luzaroan zaintzeko estrategia bat egiteko.
Etorkizuneko funtsak
Jasotako funtsez gain, Donostia aurkeztutako beste proiektu batzuen ebazpenaren zain dago, eta oraindik ireki ez diren deialdi berrietarako proiektuak prestatzen ari da; beraz, 18 milioi euroko kopuru hori handitu egin daiteke etorkizunean.
Aurki finantzatu daitezkeen proiektuen artean daude, besteak beste, alor hauekin zerikusia dutenak: herri administrazioen eraldaketa eta digitalizazioa, hirien birnaturalizazioa eta erresilientzia, ibaien ekosistemak leheneratzea, bizitegi sektorean sistema termiko berriztagarriak ezartzea eta eraikin publikoak birgaitzea.
Next Generation funtsak
Europar Batasunak bultzatutako susperraldirako aldi baterako funtsak dira Next Generation deiturikoak. 800.000 milioi euro baino gehiagoko diru kopuruarekin, koronabirusaren pandemiak eragindako berehalako kalte ekonomiko eta sozialak laguntzea da helburua.