Donostiako Narru jatetxeak Repsol gidako Eguzki bat jaso du
Repsol gidak Eguzki sarien banaketa egin zuen astelehenean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta Narru jatetxe donostiarra izan da sarituetako bat. Horrez gain, Kofradia jatetxe donostiarraren lana ere aitortu dute, Eguzki Jasangarri bat eman baitiote, arrantza jasangarriarekin duen konpromisoarengatik. Gipuzkoako Baxurako Arrantza Ekoizleen Elkarteak darama jatetxea, eta, hain zuzen ere, jatetxe gomendatuaren saria eman diote, Eguzki Jasangarria sari berezien artekoa.
Narrurentzat lehenengo Eguzkia izan da. Euskal Herriko honako jatetxeek ere euren lehenengo Eguzkia jaso zuten astelehenean: Amak (Tolosa, Gipuzkoa), KEA Basque Fine Foodek (Gasteiz, Araba), Gotzonek (Bakio, Bizkaia), Jauregibarriak (Zornotza, Bizkaia), La despensa de Etxanobek (Bilbo, Bizkaia), Remenetxek (Muxika, Bizkaia) eta Iruñeko (Nafarroa) Kabok, Almak eta Hamabik.
Bestalde, Euskal Herriko honako jatetxe hauek bi Eguzki dituzte dagoeneko: La Bibliotecak (Iruñea, Nafarroa), Katxiñak (Orio, Gipuzkoa) eta Arreak (Kanpezu, Araba). Hiru Eguzkiko jatetxeei dagokienez, bederatzi daude Euskal Herrian, lehendik hiru Eguzki zituztenak: Azurmendi, Akelarre, Arzak, Elkano, Martin Berasategi, Mugaritz, Zuberoa, Etxebarri eta Nerua Guggenheim.