"Donostia hiri segurua dela uste duzu?"
Intziri Donostiako Neska* Gazteen taldeak Donostia hiri segurua ez dela salatzeko kanpaina bat abiatu zuen azaroaren 25ean, eta martxoaren 8an dinamika berarekin jarraituko dute. Hiriko puntu kritikoen lanketa egin eta hiriko eragileekin lanketa bat abiatu nahi dute datozen hilabeteetan. Donostiako Itaiak, Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki lelopean, martxoaren 8an kalera irteteko deia egin du. «Gaur egungo emakume langileon egoera kezkagarria» dela nabarmendu dute.
Emakumeentzat Donostia seguruago bat lortzeko, mugimendu feminista 1996an hasi zen lanean. 2013an udalak bere gain hartu zuen puntu kritikoak identifikatu eta eraldatzeko ardura. Hori dela eta, 2014an jarri zuten martxan Puntu kritikoen mapa egitasmoa. Udalaren dioenez, ikusgarritasuna eta irisgarritasuna ez duten puntuak edo isolatuta daudenak segurtasun falta eragiten dute, batez ere emakumeengan; hain zuzen, hori hobetzeko proiektua da mapa hori.
Egindako mapa dinamikoa da, eta puntu kritiko berriak gehitu daitezke. Horrez gain, udalak esku hartu duen eta puntu kritiko izateari utzi dioten puntuak ere ageri dira, puntu berdeak izenekoak. Intzirik hor jarri du arreta.«Denbora honetan guztian bi puntu berde besterik ez dira lortu, eta 40 puntu kritiko inguru agertzen dira mapan», azaldu du Ibone Alonso taldekideak.
Hori dela eta, hiriaren egoeraz hausnartzeko kanpaina abiatu zuten azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren harira. Izan ere, udan, jai giroa itzuli zenean, testuinguru horretan gertatu ohi diren erasoak ere itzuli zirela ikusi zuten: «Ohartu ginen gureak diren gune horietan seguru sentitzen ez ginela».
«Gure mapa propioa»
Galdeketa bat zabaldu zuten sare sozialetan, emakumeek hiri segurua den iruditzen zitzaien jakiteko eta egoera ikustarazteko. Datozen hilabeetan galdeketa gehiago zabaldu nahi dute, horretatik abiatuz lanketa sakonagoa egiteko. Intziriko kideentzat, puntu kritikoak ez dira kale ilunak soilik, haien iritziz, tabernak eta bestelako espazioak puntu kritikoak izan daitezke. Ikuspuntu zabalagoa eskaini nahi dute: «Seguru sentitzen ez garen edo modu librean hitz egin ezin duzun espazioak izan daitezke».
Taldeak, ordea, ez die puntu kritikoei soilik arreta jarriko: «Asmoa gure mapa propioa egitea da, guretzat seguruak diren guneak identifikatuz». Izan ere, hiriko egoerari irtenbide eta alternatibak eskaini nahi dizkiote.
Horretarako, Zizta Donostia Gazte Transmarikabolloen taldearekin lanketa egingo dute datozen hilabeteetan. Hala ere, aurrerago, hiriko hainbat eragilerekin bildu nahi dute hirian irtenbideak topatzeko. Horrek, ordea, denbora eskatzen duela gaineratu dute.
Martxoaren 8an ere, lanketa horri eutsiko diote. Taldean egindako hausnarketen irakurketa zabalduko dute. Horrez gain, ikastetxeetan geldialdiak egingo dituzte eta hainbat ikastaro eskainiko dituzte. Goizean, Erraustu Ibaetako Campuseko talde feministak egingo duen manifestazioan izango dira, 10:00etan campusetik abiatuko dena. Arratsaldean, berriz, DAFek antolatutako manifestazioan hartuko dute parte.
«Emakumeen lan baldintzak are okerragoak bihurtu dira pandemia testuinguruan»
Donostiako Itaiak, Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki lelopean, martxoaren 8an kalera irteteko deia egin du. «Gaur egungo emakume langileon egoera kezkagarria» dela nabarmendu dute.
Lehenik, lan baldintzen okertzea salatu dute: «Emakume langileon lan baldintzak are eta okerragoak bihurtu dira pandemia testuinguruan: kaleratzeak, soldata jaitsiera, behin behineko lanak…». «Dependentzia ekonomiko handia bizi dugu eta egoera horrek lan baldintza penagarri horiek onartu behar izatera garamatza».
Bigarrenik, zaintza lanen lan karga ere handitzen ari dela diote: «Bizi dugun krisi ekonomikoaren eta pandemiaren testuinguruan, estatu zein administrazio publikoek gero eta zerbitzu publiko gutxiago bermatzen dituzte, eta hutsune horiek betetzeko zama emakume langileongan jausten da».
Hipersexualizazioa eta indarkeria matxista handitzen eta normalizatzen ari dela uste dute. Izan ere, «komunikabide, sare sozial, zein pornografiak emakumeon gaineko sexualizazioa eta indarkeria normalizatzen» dituztela adierazi dute. Garapen teknologikoak indarkeria forma berriak eratu dituela gaineratuz.
Alderdi instituzionalek aurrera eramaten dituzten politika feministak «aurpegi garbiketarako tresna besterik ez direla» salatu dute, alderdi politikoek emakume langileen egoerari aterabiderik emango ez diotela uste baitu Itaiak.
Azkenik, emakume langileen zapalkuntza egoera gainditzeko berme bakarra estatu sozialista eraikitzea dela argi diote: «Sozialismoaren norabidean, gaurdanik hasita zapalkuntza ezberdinen aurka antolatu eta borrokatu behar dugu». Itaiaren hitzetan, «Urgentziazkoa da gure interes eta beharrak lehen lerroan izango dituen proiektu politikoa garatzea eta honen baitan antolatzea».
18:00etan, Gipuzkoa plazan
Martxoaren 8rako, beraz, «garrantzitsutzat» jotzen dute emakume langileen zapalkuntza egora gainditzeko modu bakarra sozialismoaren eraikuntza dela aldarrikatzea. 18:00etan elkarretaratzea egingo dute Gipuzkoa plazan, eta astebururako hainbat jarduera antolatu dituzte. Larunbat arratsalderako egitaraua prestatu dute Txantxarreka gaztetxean. 17:00etan Oh gu hemen! bideo proiekzioa egongo da, eta, ondoren, Amaia Etxeberria DJ Tukularen kontzertuak izango dira.