Etxe handiago bat behar dute erdigunean
Duela hamaika urte, Donostiako Udalak Villa Soroa eraikina adjudikatu zion emakumeen etxeari, baina geroztik, Okendo kaleko 9. zenbakian du egoitza, behin-behinekoz. Hasieratik «eskasa» zen espazioa ez da nahikoa izan zerbitzua baldintza egokietan emateko, ezta etxean egiten dituzten jarduerak ondo egiteko ere. Urteak daramate etxe handiago bat behar dutela aldarrikatzen. Hiriko oinarrizko ekipamendua dela eta erdigunean egon behar duela diote erabiltzaileek.
Donostiako Emakumeen Etxea 2010eko azaroaren 10ean ireki zuten lehen aldiz. Aldarrikapena, ordea, aspaldiko kontua da, Donostiako mugimendu feministaren aldarrikapen historikoa izan baita, eta etxea lortu aurretik hainbat saiakera egin zituzten. Lehen saiakera 1970eko hamarkadan egin zuten: Prim kaleko eraikin bat eskatu zuten, aurretik Falangearen Emakume Sailarena izandakoa. 2000. urtean, berriz, Tabakalera leku egokia izango zela pentsatu zuten, eta emakumeen etxea bertan jartzeko eskaera egitea erabaki zuten, baina, udalak ezezkoa eman zion.
Emakumeen etxea aldarrikapen, parte hartze prozesu eta eztabaida askoren emaitza izan da. Emakumeak eta Hiria Forora eraman zen emakumeen etxea bat izatearen inguruko eztabaida. Foroa emakumeen herri partaidetzarako taldea da, 1998an sortu zen, hirigintza eta generoari buruzko mintegi batzuen ondoren, eta helburu nagusitzat du genero ikuspegitik hiria aztertzea eta emakumeen beharren inguruan hausnartzea. Forotik helegitea jarri zuten hiriko Plan Orokorraren aurka. Izan ere, garaiko Aralar taldeko zinegotzi Ainhoa Beolak forotik egindako aldarrikapena jaso zuen, eta, azkenean, emakumeen etxea plan orokorrean sartzea lortu zuten, beharrezko ekipamendu moduan.
Orduan, 2008an, parte hartze prozesu bat abiatu zuen Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak, etxearen kudeaketaren, kokapenaren eta zerbitzuen inguruan hausnartu eta erabakiak hartzeko. Bertan, emakumeen elkarteek eta talde feministek, Emakumeak eta Hiria Foroak eta Berdintasun saileko kideek hartu zuten parte.
Juana Aranguren emakumeen etxeko arduraduna da, urte luzez hiriko mugimendu feministan murgildu da, eta parte hartze prozesuan izan zen. «Asko» eztabaidatu zela eta jende askok parte hartu zuela dio: «Prozesu luzea izan zen, erabaki guztiak kontsentsu bidez hartzen ahalegindu ginelako». Besteak beste, hainbat hiritako emakumeen etxeak bisitatu zituzten: Gijongoa, Ermuakoa, Zaragozakoa eta Bartzelonakoa. Beste lekuetako esperientziak ezagutu zituzten, izan ere, etxe bakoitzak bere antolaketa eredua dauka: «Batzuk autogestionatuak dira, Bartzelonako Ca La Dona bezala, eta beste batzuk udalarenak dira, Zaragozaren kasuan bezala».
Kogestioa, kudeaketa eredutzat
«Mugimendu feministak hirian zuen indarra ikusita, guretzat kogestioa eredu egokiena zela ikusi genuen», dio Arangurenek: «Kudeaketa eredua da gure etxea gehien definitzen duena». Haientzat «eredu demokratikoena» zen, eta, gainera , garai horretan, «guztiz berritzailea» zena. Izan ere, kudeaketa eredu hori aukeratzen, aitzindaria izan da bai EAEn eta baita Espainiako Estatuan ere.
Une hartan, Donostiako Emakumeen Etxea Elkartea sortu zen, esparru hori administrazioarekin batera kogestionatu nahi zuten askotariko emakumeei ahotsa emateko tresna juridiko gisa. Hala, elkarteak, Donostiako Udaleko Berdintasun Arloak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak etxearen kudeaketa konpartitua dute. Horretarako, kogestiorako organo bat sortu zen, eta bertan Berdintasuneko zinegotzia, berdintasun teknikariak eta elkarteko kideak elkartzen dira, bi hilabetean behin egiten dituzten bileretan. Gaur egun, goizetan udaleko langile bat izaten da han, eta arratsaldetan, elkarteko kide bat. Elkarteko kideen hitzetan, «emakumeak eragile bihurtuz atzera elikatzen den proiektua da, eta hortaz, esparrua kudeatzeko hartu behar diren erabakietan parte hartze aktiboa ahalbidetzen du».
Kudeaketaz gain, espazioaren oinarrizko ezaugarrien inguruan ere eztabaidatu zen eta espazio parte hartzailea, feminista, eraldatzailea, proaktiboa, transgresorea, berritzailea, irekia, plurala, solidarioa, hezitzailea, laikoa eta autonomoa izatea nahi zutela erabaki zen. Finean, emakumeentzako elkargunea izatea nahi zuten, eztabaida eta hausnarketa sustatuko zituena.
Parte hartze prozesuaren ostean, 2009an jakinarazi zuten 2010ean emakumeen etxea irekiko zela. Hasiera batean, Ategorrietako Villa Soroa eraikina emango zietela jakinarazi zuen udalak. Kriminologiako Euskal Institutua zegoen bertan, eta Ibaetara lekualdatu behar ziren. Bitarte horretan, Okendo kaleko eraikina eman zieten eta urtebete beranduago Villa Soroara lekualdatuko zirela aurreikusita zegoen. Etxea ireki berri zegoeneko oharretan ere hala zioten: «Behin-behineko egoitza Okendo kaleko 9. zenbakian dago, baina orain arte adostutakoaren arabera, gutxi gorabehera urtebete barru Ategorrietako Villa Soroan egongo gara, gure jarduera guztiak egitea ahalbidetuko duen etxe handi eta zabalean».
Gaur egun, ordea, Okendo kaleko eraikinean jarraitzen dute eta bertan egin dute hamaika urteko ibilbidea.
1.600 bazkide baino gehiago
Sorreratik, Donostiako Emakumeen Etxeko Elkartea hazi besterik ez da egin. Egun, 1.600 bazkide baino gehiago ditu. Arangurenen hitzetan, urtero hazten joan da kopurua: «Duela bi urte, esaterako, 1.400 bazkide inguru ginen». Bere ustez, etxea gero eta ezagunagoa egiten ari da, eta erabiltzaileen kopurua ere handitzen doa denborarekin.
Emakumeen etxea zortzi batzordetan antolatuta dago: Artikulazioa, Blokea, Zinea, Erasoen Aurkako Batzordea, Teknologia, Batukada, Xakea eta Danborrada. Hauetako bakoitzak helburu eta funtzio ezberdinak ditu. Belen Olaziregi, esaterako, elkarteko kidea da eta Blokean hartzen du parte. Blokea hiriko deialdi feministetara Emakumeen Etxeko Bloke moduan ateratzeko sortu zen. Izan ere, emakumeak etxetik mobilizazioetara bakarrik joan beharrean, elkarrekin kalera ateratzeko beharra nabaritu zuten duela urte batzuk. «Horrez gain, gure arteko komunikazioa eta hitzorduak egiteaz arduratzen gara, hemen biltzera deitu eta jende asko hurbiltzen da. Oso ondo funtzionatzen du, eta asko laguntzen du».
Olaziregiren kasuan, duela zortzi urtetik da etxeko erabiltzailea, baina duela lau urte inguru etxean aktiboki parte hartzea erabaki zuen: «Beharra sentitu nuen, nolabait, jasotzen nuen hori itzultzeko eta blokeko kide izatera animatu nintzen».
Jarduera eta tailerrei dagokionez, etxeak eskaintza zabala duela dio Olaziregik. Batzordeetako kide bat urteko tailerren proposamena egiteaz arduratzen da, eta arlo zein adin ezberdinentzako jarduerak antolatzen dira urtero. Hala ere, ia hasieratik dirauten taldeak ere badaude. Esaterako, batukada edota literatura taldea. Horrez gain, duela gutxi zineforuma berreskuratu dute. Ikastaro eta zerbitzu guztiak doakoak dira.
Horrez gain, aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dituzte. Besteak beste, sexualiatearen inguruko zerbitzuak, laguntza psikologikoa, gizarte aholkularitza eta ikasketak homologatzeko aholkularitza daude. Hauek arrakasta handia dutela diote elkarteko bi kideek.
Elkarteko kideen hitzetan, adin guztietako emakumeek jotzen dute bertara. Sexualitatearen edo feminismoaren inguruko tailer eta jardueretara «oso neska gazteak» joaten dira, eta literatur taldean, ordea, «nahastuta daude». Jardueren arabera, adinaren kontua asko aldatzen dela diote, interesak ez baitira berberak izaten.
Emakumeen etxearen 2019-2020ko memoriako datuen arabera, orokorrean, bi profil bereizten dira: zerbitzuetara jotzen dutenak eta tailerretan parte hartzen dutenak. Adinari dagokionez, ez dago desberdintasun handirik. 26tik 65era bitarteko emakumeak nagusitzen dira, eta adin tarteen banaketa «oso orekatua» da. Hala ere, joera ezberdinak daude: zerbitzuak jasotzera datozen emakumeen artean, 36-45 adin tartea nagusitzen da, eta ikastaro eta tailerretan, 55-65ekoa. Ikasketa mailari dagokionez, tailerretan parte hartzen duten emakumeen %65ek unibertsitate ikasketak dituzte, baina zerbitzuetara jotzen dutenen kasuan %35 da.
Bizilekuari erreparatuz gero, erabiltzaileen %72 donostiarrak dira, %26 Gipuzkoako gainerako herrietakoak eta %1,3 beste zonatakoak. Jatorriaren kasuan, ordea, gehiengoa Espainiako Estatukoa da (%61,5), atzetik, hegoamerikarrak daude (%32), ondoren, afrikarrak (%4), europarrak (%2) eta azkenik, asiarrak (%0,5). Zerbitzuen erabiltzaileen kasuan, nabarmen, hegoamerikarrak dira gehiengoa (%60), eta tailerren kasuan, %88 Espainiako Estatukoak dira.
Funtsezko ekipamendua
«Emakumeen etxea oinarrizko eta funtsezko ekipamendua da gure hirian», nabarmendu dute elkarteko kideek. Izan ere, berdintasun politikak bultzatzen ditu, eta emakumeek jasaten duten desberdintasuna eta diskriminazioa desagerrarazteko borrokatzen dute.
Etxea espazio seguru bat da emakumeentzako, eta askotariko gaien inguruan informatzen dute. Olaziregiren hitzetan, «feminismoaren inguruko formakuntza jasotzen da bertan». Horrek «kontzientzia feminista sortzen laguntzen du, eta ondorioz, mugimendu feminista handiagoa egiten da». «Guk hasieran, etxea topaleku bat izatea nahi genuen eta hori nahi dugu orain ere», dio Arangurenek. Izan ere, hala definitzen du elkarteak etxea: «Emakumeen etxea elkargune bat da, emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko bidean, gogoeta egiteko, esperientziak eta konplizitateak trukatzeko, pentsamendua ekoizteko eta kolektiboki aurrera egiteko».
Tailer eta jardueretan parte hartzen duten emakumeez gain, hiriko talde eta elkarteek ere emakumeen etxea erabiltzen dute bilerak eta jarduerak egiteko, hala, indarrak eta sinergiak sortzen dituen topagunea da. Gainera, mugimendu feminista hazi eta indartzeko balio duen espazioa da kideentzat.
Gabezia handiko espazioa
Datuek erakusten duten moduan, emakumeen etxeak ondo funtzionatzen du, baina egungo egoitzak ez die arestian aipatutako helburu guztiak betetzen uzten: «Hasieran etxe honek behin-behinekoa izan behar zuen. Gutako batzuek zioten Villa Soroa eraikina eman arte itxoin behar genuela zuzenean, etxe hau hartu ordez. Izan ere, konparatuz gero, etxe hau askoz ere mugatuagoa eta txikiagoa da; askorentzat ez zuen zentzurik. Nik argi izan nuen hau hartu beharra genuela, badaezpada, urtebeterako bazen ere, eta, begira orain. Eskerrak hartu genuela, 11 urte daramatzagu leku honetan», dio Arangurenek.
Okendoko eraikinak lau solairu ditu, baina sotoa «ez dago baldintza onetan». Beheko solairuan, sarrera dago eta bertan izaten dira etxeko bi langileak. Horrez gain, bilerak egiteko hiru gela daude. Lehen solairuan, erabilera anitzeko espazioa dute, han egiten dituzte tailerrak, zineforuma eta bestelako jarduerak. Bigarrenean, ordea, Berdintasun bulegoa dago, eta beste gela bat.
Guztira, 300 metro koadro ditu, baina «gabezia» asko dituen espazioa dela diote erabiltzaileek. 1.000 metro koadro behar dituztela kalkulatzen dute, eta, beraz, Okendoko eraikina txikia geratzen zaie haien jarduera guztiak egin ahal izateko: «Gu etxe handiago bat eskatzen ari gara, egiten dugun hori egiten jarraitzeko eta gehiago egiteko». Olaziregiren hitzetan, arazoa ondorengoa da: «Hemen ezin dugu egin nahiko genukeen guztia. Etxeak ez ditu bere helburu eta funtzio guztietan betetzen». Finean, espazioa «oso mugatua» dela diote: «Ez da nahikoa gure beharrak asetzeko».
Anekdota moduan, Olaziregik komunarekin arazoak dituztela azaldu du: «Komun bakarra dago, erabiltzaile guztientzako dena. Lehen solairuan dago, erabilera anitzeko espazioan. Pasa den astean, bost emakumek komunera joan nahi zuten, eta barruan egiten ari ziren jarduera eten ezin zenez, ezin izan zuten bertara sartu». Beste kasu batzuetan, zineforuma egiten dutenean, adibidez, jendea sartu eta atera ibiltzen da.
Etxe irisgarria
«Ondo funtzionatzen dugu, eta jende askok hartzen du parte. Espazio egokiago batean itzela izango litzateke», dio Arangurenek. Emakumeen Etxeko Elkarteak oso argi du kokalekuak berebiziko garrantzia duela, auzo guztietako emakumeak bertara iritsi ahal izateko erdigunean egon behar baitu: «Irisgarria izan behar du, eta mugikortasun aldetik, erdigunea da hoberen komunikatua dagoena». Horregatik, erdiguneko ekipamendu bat nahi dute emakume guztientzako eskuragarria eta handia izango dena, jarduerak baldintza duinetan egin ahal izateko.
Udalak Villa Soroa eraikina emango ziela esan zienean, espazioa diseinatzeari ekin zioten. Besteak beste, liburutegi bat, zerbait hartu ahal izateko espazio bat eta sukalde bat izatea aurreikusten zuten. Horrelako espazioek etxea topaleku bat izatea ahalbidetzen zuela dio Arangurenek. «Hemen, eskaileretan topatzen duzu jendea, baina ez dago elkarrekin egoteko espaziorik. Horregatik bilera eta jardueren ondoren, Tanger tabernara joan behar dugu».
Etxe handiago bat eskatzeko kanpaina betean daude elkarteko kideak. Hilabetean behin, larunbat batean, elkarretaratzea egiten dute Bulebarrean etxe handiago behar dela eskatzeko, eta beharra plazaratzeko. Udalak ez die proposamen zehatzik egin oraindik, baina Infernua auzuneaz hitz egin izan diete. Elkartarentzat ez luke zentzurik izango, ez dagoelako erdigunean. Elkarteak ere egin ditu proposamenak: azkena, Easo kaleko suhiltzaileen egoitza izan zen. Udalak, ordea, «trabak» jartzen dizkiela diote: «Udalak dio oraingoz ez dagoela ezer guretzako modukoa, baina beste batzuei bitarte honetan eman dizkiete eraikinak».
Prozesua «nahiko geldirik» dago, baina aldarrikapenarekin aurrera jarraitzeko indartsu daude. Gainera, aurrera begirako erronka gisa, 1.600 bazkide horietatik ehuneko handi bat bazkide aktiboak izatea lortu nahi dute, jardueretan parte hartzeaz gain antolaketan eta barne lanetan ere parte har dezaten. «Gero eta jende gehiago aktiboki aritzea nahi dugu, horrek aberastasun handia ematen dio proiektuari», nabarmendu du Olaziregik. Bestalde, espazio «egokiago» batekin, «erakargarriagoa» izango litzatekeela uste dute. Bide horretan, etxea gehiago ezagutarazi nahi dute: «Gaur egun erreferentea da jada, baina oraindik gehiago haztea nahiko genuke; erreferenteago izatea».