Emakumeek Donostiako historian izandako garrantzia ikusaraziko du udalak martxoaren 8aren bueltan
Udalak bat egingo du mugimendu feministak martxoaren 8an Donostian antolatutako manifestazioarekin.
Donostiako Udalak martxoaren 8aren harira antolatu dituen jardueren berri eman du, baita baieztatu ere mugimendu feministak Donostian egun horretarako antolatu duen manifestazioan parte hartuko duela (18:30ean, Antiguako tuneletik). “Ezinbestekoa da emakumeen presentzia espazio publikoan”, nabarmendu du Ane Oiarbide Berdintasuneko zinegotziak, baita salatu ere “emakumeak oraindik gizonen atzetik” daudela “hainbat eskubidetan”.
Martxoaren 8aren bueltan, emakumeek Donostiako historian eta ekonomian izandako garrantzia ikusarazi nahi du udalak, helburu hori jasota baitago udalaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Planean. Ildo horretatik, Oiarbidek gogorarazi du “Donostian ere, kuantitatiboki, emakumeak gizonak baino gehiago” direla, baina, “zoritxarrez, atzetik jarraitzen” dutela “kualitatiboki”. “Oztopoak, desberdintasunak, kristalezko sabaiak eta beste hainbat oztopo haustea ezin utzizko helburua da oraindik ere”, gaineratu du.
Helburu horrekin, udalak eta hiriko eragile feministek 68 jarduera antolatu dituzte martxoaren 8aren harira, eta denak udalaren webguneko GeoDonostia ataleko mapan kontsultatu daitezke, baita Donostia Kulturaren webgunean ere. Hitzaldiak, zinema emanaldiak eta bestelako jarduerak izango dira, eta kultur etxeetan, haurtxokoetan eta gaztelekuetan egingo dituzte, batik bat. Era berean, emakumeen etxean autodefentsa feminista ikastaroak antolatu dituzte.
Horrez gain, Ekialdeko Barrutiko Berdintasun lantaldeko Maria Jose Fernandezek azaldu du ekialdeko auzoetan ere jarduerak egingo dituztela martxoaren 8aren harira. Gogorarazi du Intxaurrondon, Altzan eta Bidebietan bederatzi emakumeren omenezko bederatzi atril jarri zituztela, eta hain zuzen ere, nabarmendu du Bidebietan, Gloria Fuertesen atrilean, esku hartze artistiko bat egingo dutela hilaren 13an: “Poema bat irakurriko dugu eta dantza emanaldi bat izango dugu”. Bestalde, Altzan iturgintza ikastaro bat eskainiko dute hilaren 15ean.
Genero arrakala langabezian
Marisol Garmendia Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak azaldu duenez, hiriko langabezian ere jarriko dute fokua, eta astelehenean, hilaren 7an (18:00), horren inguruko mahai-inguru bat egingo dute udal batzar aretoan, “emakume langileek hirian duten rola aldarrikatzeko”. Garmendiak berak Donostiako emakumeek lan merkatuan bizi duten egoeraren berri emango du mahai-inguruaren aurretik, eta ISEAK fundazioko Lucia Gorjon ikertzaileak ere hartuko du hitza. Ondoren, mahai-inguruan, Mestiza elkarteko Ana Molinak, udalaren Reaktiva T +45 programako Mayka Sanchezek eta Charo Casteres ekintzaileak hartuko dute parte.
Testuingurua kokatzeko, Garmendiak hiriko langabeziaren inguruko datu batzuk helarazi ditu prentsaurrekoan. Azaldu duenez, pasa den urtarrilean %8,6koa zen hiriko biztanleria aktiboaren langabezia, “1,6 puntuko genero arrakalarekin”. Hain zuzen ere, adierazi du 4.500 emakume zeudela langabezian, gizonen kasuan baino 1.000 gehiago. Datuarekin kezkatuta agertu da Garmendia, baina nabarmendu du genero arrakalaren tasa Gipuzkoakoa (2,7) eta Euskal Autonomia Erkidegokoa (3,0) baino txikiagoa dela Donostian. “Langabeziak emakume aurpegia izaten jarraitzen du”, salatu du zinegotziak.
Era berean, esan du udala “emakumeen enpleguaren aldeko politika aktiboak” garatzen ari dela: “Politika horiek hiru milioi eurokoak dira, prestakuntza profesionalari eta 2.000 emakume baino gehiagoren birlaneratzeari laguntzeko, bereziki 45 urtetik gorako emakume langabeei”.
Ildo horretatik, Mestiza elkarteko Ana Molinak gogorarazi du elkarteak “hamalau urte” daramatzala Donostian “kultur aniztasunaren inguruko eta ekintzailetzaren inguruko proiektuak” garatzen, baita nabarmendu ere “migratzaileen kolektiboak bere interes propioak” dituela, eta “bizitza publikoaren parte” izan nahi duela. Hortik joko du Molinak aipatu mahai-inguruan.