Poesialdiaren laugarren edizioa martxoaren 21etik 25era ospatuko da
Poesialdia, Donostiako Poesiaren Astearen laugarren edizioa martxoaren 21etik 25era egingo da aurten Donostia Kulturako hainbat gunetan. Aurreko edizioetan bezala, Donostia Kulturak bat egingo du ekimen honen bidez, martxoaren 21ean, olerkiaren irakurketa, idazketa eta argitalpenerako ekimenak sustatzeko UNESCOk 1999an izendatu zuen Poesiaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Horrez gain, urtean zehar antolatzen diren olerkien inguruko ekimenei eta programei jarraipena ere emango zaie horrela, besteak beste, Poesia Orduak, Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak, olerki lanen errezitalak eta aurkezpenak, Literaktum Jaialdia eta Olerkarien Txokoa.
Aurrekari gisa, bi hitzordu programatu ditu Donostia Kulturak. Lehenik, martxoaren 11ean, Palabras de mujer ikuskizun poetiko eta musikala eskainiko da Victoria Eugenia antzokiko Club Aretoan. Zuzendaria Maria Jose Goyanes da eta Gloria Vega eta Karmele Aranburu aktoreekin partekatzen du eszenatokia, pianoan Maru Marariak lagunduta. Emanaldia 19:00etan izango da, sarrera librea da eta gonbidapenak antzokiko leihatilan jasoko dira, egun horretan bertan, 17:00etatik aurrera.
Jarraian, martxoaren 18an, Ariel Sutan erakusketa zabalduko da Ernest Lluch kultur etxean, eta maiatzaren 21era arte egongo da ikusgai. Erakusketak Sara Morantek Sylvia Plath-en Ariel poema-libururako collage formatuan egin zituen 30 ilustrazio baino gehiago jasotzen ditu. Collage hauek iparramerikar poetaren lerroekin hitz egiten dute eta, modu metaforikoan, etxea atrezzo bezala erretratatzen dute, sutan dagoen landare-paper batekin irudikatuta.
Poesialdia, ofizialki, hilaren 21ean hasiko da V. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren sari banaketarekin. Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak elkarrekin antolatzen dute, euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazle gazteen lanari bultzada emateko asmoz. Sari banaketa Liburutegi Nagusian egingo da, Mandas Dukearen aretoan, 11:00etan. Hurrengo egunean, 22an, aurtengo gonbidatu nagusia den Chantal Maillard (Brusela, 1951) poeta, filosofo, saiakeragile eta itzultzailearekin hitzordua izango da Ernest Lluch kultur etxean, 19:00etan. Maite Lopez Las Heras poeta eta itzultzailearekin arituko da solasean Chantal Maillard: pasar entre las formas ekitaldian.
Hilaren 23an, Iñigo Astiz eta Jon Basagurenen Oraindik, orain eta oraingoz emanaldi poetiko musikalaz gozatzeko aukera izango da Liburutegi Nagusiko San Jeronimo aretoan, 19:00etan. Bertan, euren azken liburu eta diskoetako abesti eta poemak eskaintzearekin batera, sorkuntzari eta orainaldia harrapatzeari buruzko hainbat gogoeta plazaratuko dituzte. Hurrengo egunean, Sara Morantek Ariel Sutan erakusketara bisita gidatua eskainiko du bere lanaren gakoak azaltzeko. Bisitaren ondoren, Sylvia Plath-en gainean arituko da solasean Julia Otxoa poeta, narratzaile eta artista plastikoarekin. Ekitaldia Ernest Lluch kultur etxean izango da, 18:00etatik aurrera.
Poesialdia bukatzeko, hilarenn 25ean, Safo: Desio duzuen bezainbeste solasaldia eta errezital musikatua izango dira Ernest Lluch kultur etxean, 19:00etatik aurrera. Safo Antzinate Klasikoaren poeta nagusietakoa da, eta horrez gain, baita emakumezkoen ahots poetiko aitzindaria ere. Maite Lopez Las Herasek Saforen poesia euskaratu du itzulpen klasiko batean eta Platonek “hamargarren Musa” deitu zuenari buruz solasean arituko da Aritz Gorrotxategi idazle eta poetarekin. Segidan, Aizpea Goenaga eta Dorleta Urretabizkaia aktoreek Saforen poemak errezitatuko dituzte Nerea Azcona harpa jotzailearen zuzeneko musikarekin.