Ukrainarentzako laguntza humanitarioa kudeatzeko lokal bat utzi dio udalak elkarte bati
Donostiako Udalak lokal bat utzi dio Altza auzoan Ukraina-Euskadi elkartearen Donostiako ordezkaritzari, Ukrainara bideratutako laguntza humanitarioa jaso eta kudeatzeko. “Lagapen hau udalak Donostiako ukrainar komunitatearekin gatazka hasi zenetik izaten ari den harremanen emaitza da. Izan ere, gure lankidetza eta babesa eskaini diegu une oro, hain zailak diren une hauetan dituen beharrei erantzuten saiatuz”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
270 metro koadroko lokala Herrera pasealekuaren 72. zenbakian dago, eta garai bateko haurtzaindegi bat da. Laguntza humanitarioaren koordinazio, bilketa, biltegiratze eta kudeaketa logistikorako erreferentziazko tokia izango da, baita errefuxiatuak hirira iristen direnean lehen mailako arretarako gune bat ere. Horretan, egin behar duten edozein izapidetan lagunduko zaie.
Espazio hau egokitzen ari dira momentu hauetan, datorren astelehenetik aurrera zerbitzua ematen has dadin. Udala mahaiak, aulkiak, ordenagailuak, interneterako konexioa eta bestelako materiala instalatzen ari da lokaleko aretoak egokitzeko, eta etorkizunean sor daitezkeen premiei adi egongo da.
Erreferentzia puntua Ukraina-Euskadi elkarteko boluntarioek kudeatuko dute, eta arratsaldeetan emango du zerbitzua. Elkarteak berak baloratuko ditu datorren astetik aurrera laguntza beharrak, eta laguntza jasotzeko deialdiak antolatuko ditu.