"Zaintza kolapsatua dago, eta esku hartu behar da"
Donostiako Asanblada Feministak mobilizazioa egingo du martxoaren 8an, eta 18:30ean abiatuko da Antiguako tuneletik. Besteak beste, zaintza sistema aldatu behar dela aldarrikatuko dute.
Donostiako Asanblada Feminista (DAF) hiriko talde feministek eta norbanakoek osatzen dute. Gainerako gizarte mugimenduei gertatu zaien moduan, bizi izan dugun pandemia egoerak haien jardunean eragin handia izan du. Itxialdiko geldialdiaren ondoren, berriz antolatzen hasteko eta DAF berrantolatzeko beharra ikusi zuten. Izan ere, pandemia heldu zenean, greba feminista indartsua igaro berri zen. Hori dela eta, zer behar zituzten eta nola atolatuko ziren erabakitzeko eta hausnartzeko hainbat saio egin zituzten. Saio horietan hamabost talde baino gehiago elkartu ziren, eta hainbat norbanako ere bai. DAFi koordinakunde edo asanblada forma ematea erabaki zuten.
Asanbladako kide Sara del Riok azaltzen duen moduan, momentuko beharrei erantzun eta martxoaren 8a eta azaroaren 25a antolatzeaz arduratzen dira. «Horrez gain, erailketa matxistak gertatzen direnean, eta Euskal Herriko Mundu Martxaren protokoloa martxan jartzen denean, DAFetik mobilizazioak antolatzen ditugu».
Hilabeteotan, ordea, taldea suspertzeko zailtasunak izan dituzte. Ziurgabetasunak eta elkartzeko espaziorik ez izateak eragina izan du, eta «pixkanaka» joan dira berriro elkartzen eta taldea indartzen.
Emakumeen etxean egiten dituzte bilera irekiak, baina etxeak dituen mugak eta jarri behar izan diren neurriek elkartzeko espazio bat izatea zaildu die: «Hamaika urte daramagu behin-behineko etxe batekin, eta horrek mugak jartzen dizkio hiriko mugimendu feministari».
Auzoetako dinamikak
DAFen parte hartzen duten taldeen artean, besteak beste, auzoetako taldeak daude. Gaur egun, auzoetan aktiboen dauden talde feministak Groseko Asanblada Feminista eta Antiguako Txitxibitxiak direla dio Del Riok. «Hala ere, auzo bakoitzak bere dinamikak ditu, eta auzo askotan sareak elkartu eta egun jakin batzuetarako aktibatzen dira. Esaterako, festetako protokoloak egiten dituztenean». Groseko Asanblada Feministak martxoaren 8ra begirako jarduera propio bat antolatu du asteburu honetan: auzo bira feminista. Antolatzaileen arabera, kalejira baten modukoa izango da, eta Lilatoiarengatik kaletik jende dezente ibiliko dela aprobetxatuta, auzoko tabernetatik eta kaleetatik pasako dira, martxoaren 8aren «propaganda egiteko eta giroa berotzeko». 12:00etan abiatuko dira, Katalunia plazatik.
Pandemiaren ostean talde batzuk berraktibatu ez diren arren, herri mugimenduak bere ohiko dinamikak berrartzen dituenean, berriz ere aktibatzen hasiko direla uste du Del Riok. «Auzoetan sare finko batzuk daude eta horrek asko laguntzen du gauzak antolatzerako garaian», gaineratu du.
«Auzoetako taldeak haien bizitza eta dinamika dute eta arrazoi desberdinengatik ari dira aktibatzen eta desaktibatzen, berriak sortzen, eraldatzen…», dio Del Riok. Hala ere, hiriko taldeek, pandemiaren ostean, egoeraren inguruan pentsatzeko beharraren ondorioz, barrura begirako dinamika eta lanketetan barneratu direla azaldu du: «Pixkanaka lehengora itzultzen joango gara».
Martxoaren 8an, kalera
Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizatzera deitu du martxoaren 8rako, Zapaltzen gaituen sistemari sua. Antolakuntza feminista gure garra lelopean. «Sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kapazitista kiskali» nahi dute, «bizitzeko moduko mundu bat eraikitzeko». Donostian, manifestazioa 18:30ean izango da, Antiguako tuneletik.
Besteak beste, DAFek azken hilabeotan egindako hausnarketen harira ondorengoa salatuko du: «Begi bistan geratu da pandemia aurretik zaintza sistema gaizki zegoela, eta, orain, are okerrago dagoela». Kideen iritziz, urgentea da honen inguruan pentsatzea eta eraldaketa bat ematea.
Bizitzak Erdigunean plataforma horren inguruko hausnarketak egiten aritu da azken hilabeteotan, eta DAFeko hainbat taldek bertan parte hartu dute. Hori dela eta, asteartean salatuko duten puntuetako bat izango da: «Zaintza sistema kolapsatua dago, eta esku hartu beharra dago». Euskal Herrian ez ezik, Donostian ere, esku hartu beharra dagoela uste dute: «Donostiak hiri bizigarria izan behar du, eta, horretarako, udalak ere erabakiak hartu behar ditu, baita neurriak ere».
Donostiako Udalak ere mobilizazioarekin bat egingo du, Berdintasun sailak jakinarazi duenez. Horrez gain, emakumeek hiriari eta historiari egindako ekarpenak ikusarazteko hainbat jarduera antolatuko dituzte urtean zehar, martxoaren 8tik abiatuta. Bestalde, Marisol Garmendia Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak hitzaldi bat eskainiko du astelehenean udal batzar aretoan, Donostiako emakumeen langabeziaren egoeraren berri emateko; izan ere, lanik gabeko emakumeen kopuruak lanik gabeko gizonenak baino altuagoa izaten jarraitzen du. Horrez gain, autodefentsa feminista ikastaroak antolatu ditu emakumeen etxeak, eta udalak askotariko jarduerak egingo ditu hiriko haurtxokoetan, gaztelekuetan eta kultur etxeetan. Denak mapa batean ikusgai jarri dituzte, Donostia.eus atariko GeoDonostia atalean.
Azken asteetan, martxoaren 8ko mobilizazioa antolatzen aritu dira hiriko hamar talde eta hainbat norbanako. Azken hilabeotan egindako hausnarketak plazaratzen joango dira datozen asteetan. Donostiako hiri ereduaren eta horren eraginaren inguruko hausnarketak egin dituzte, eta martxoaren 8an ere aldarri horiek eramango dituzte kalera.