Gernikako arbolaren kimua Donostian da
Gernikako arbolaren kimu bat landatu dute Donostian, Amara Berriko Araba parkean. Larunbatean, hilaren 5ean, egin zuten landaketa ekitaldia, eta Eneko Goia alkatea, udal talde guztietako ordezkariak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea izan ziren. Dantzariak ere izan dira ekitaldian.
Udalak Bizkaiko Batzar Nagusiei eskatu zion kimua –arbolaren arduradunak dira–, izan ere, leku berean beste kimu bat landatu zen 1906an, baina ez zuen aurrera egin, eta udalak berreskuratu nahi izan du. Hain zuzen ere, 1906ko uztailaren 8an, Euskal Jaien harira, kimu bat landatu zuten Araba parkearen inguruan, garai hartan Urumea pasealekua izena zuen gunean; garai horretan jarri zioten Gernikako Arbolaren pasealekua izena, gaur egungoa. Kimu horrek, aldiz, ez zuen aurrera egin, handik hamar urtera hil baitzen. Horregatik, leku berean landatu dute kimu berria.
Horrela, orain Donostiak Gernikako arbolaren lau kimu ditu: bi Miramon inguruan –EITBren egoitzan, Donostiako Ateneoko arduradunak emanda, eta Eureka! Zientzia Museoaren kanpoaldeko lorategian, Kutxaespazioak berak eskatuta– eta bat Antiguako Ekintza ikastolan.