Kote Cabezudoren "jardun guztia sexu abusuetara bideratuta" zegoela dio Mario Diez abokatuak
Astelehenean hasiko da Kote Cabezudoren aurkako epaiketa nagusia, eta Kote Cabezudoren Biktimentzat Justizia plataformak elkarretaratzera deitu du, San Martin kaleko 41. zenbakiko epaitegien aurrean, 09:00etan.
Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako epaiketa nagusia hasteko egun eskas bat baino falta ez denean, Mario Diezek, Cabezudoren hamazazpi biktimaren abokatuak, prentsaurrekoa eskaini du Donostian, kasuaren errepasoa egiteko eta hainbat irregulartasun salatzeko. Epaiketa hilaren 7an hasiko da, eta bost aste iraungo ditu. Emakumeen aurkako sexu abusuekin lotutako 32 delitu egozten dizkiote, eta fiskalak 121 urteko kartzela zigorra eskatzen du argazkilariarentzat; Diezek, aldiz, 2.338 urtekoa.
Diezek nabarmendu du espero duela epaiketan frogatu ahal izatea Cabezudoren “jardun guztia sexu abusuetara bideratuta” zegoela: “Argazkigintzan egin zuen ibilbideak helburu bat zuen: Modeloei abusuak egitea. Askotan lortu zuen, eta beste batzuetan ez. Espero dugu prozedura amaitzen denean frogatuta egotea modus operandi bikain bat erabili zuela, bere burua blindatzeari dagokionez.
Diezek salatu du Cabezudo ez zela “ohiko pertsona bat” Donostian: “Politikaren, finantzen eta justiziaren munduetan zituen harremanek babes nahikoa eman zioten bere jarduna 30 urtez garatzeko”. “Beste kasu batzuetan, berehalako espetxe aginduak ezartzen dira sexu abusuei buruzko gaietan eta haur pornografia beste modu batera jorratu ohi da… Kasu honetan, ordea, mundu guztiak ikusi dituen irregulartasunak izan dira”, gaineratu du Diezek.
Irregulartasunei dagokienez, kasua hasieran eraman zuen instrukzio epailearen, Ana Isabel Perez Asenjoren, “betebeharraren omisioa” salatu du. Izan ere, 2018aren hasieran, kasua oihartzuna izaten hasi zenean, Perez Asenjo zen epailea, eta gero eta salaketa gehiago bazeuden ere, Perez Asenjok ez zuen Cabezudo behin-behinean espetxera sartzeko erabakia hartu, eta hori gogor salatu zuten biktimek zein Kote Cabezudoren Biktimentzat Justizia plataformak, besteak beste. Azkenean, EAEko Auzitegi Nagusiak Julian Garcia Marcos epailearen esku utzi zuen instrukzioa, eta hark sartu zuen argazkilaria Martuteneko espetxean, 2018ko maiatzaren 4an. Han jarraitzen du, behin-behineko espetxealdian, baina gehienez lau urte egon daiteke egoera horretan, eta, beraz, astelehenean hasiko den epaiketak ez badauka ebazpenik aurtengo maiatzaren 4rako, Cabezudo kalera atera ahal izango da.
Horregatik, hain zuzen ere, prozesu honetan guztian “oztopo ugari” izan direla salatu du Diezek, baita deitoratu ere biktimentzat “bereziki estugarria” izan dela azken hilabetea. Era berean, instrukzioaren luzapena kritikatuz, azaldu du salatzaileetako batzuek, denboran atzera egin ahal izanez gero, ez luketela berriz hasiko prozesua, urteotan jasan duten “berbiktimizazioa” dela eta. Horrez gain, nabarmendu du “aurreikuspen guztien aurka”, epaiketa eguneraino iritsi direla, eta horrekin harro agertu da. Era berean, “komunikabide gehienen isiltasuna” eta talde feministena —Bidasoako talde feministarena izan ezik— ere salatu du Diezek.
Odon Elorza Donostiako alkate ohi eta egungo Espainiako Kongresuko diputatuak bere aurka jarritako helegiteari dagokionez, abokatuak adierazi du bere iritzia emateko “eskubidea” duela, eta nabarmendu du “beharrezkoa bada”, Giza Eskubideen Nazioarteko Auzitegira iritsiko dela. Pasa den astean egin zuten epaiketa, Elorzak 300.000 euroko kalte ordainak eskatu baitizkio, bere ohorea urratzea leporatuta, Diezek, beste batzuen artean, Cabezudorekin lotu zuelako adierazpen batzuetan.
Cabezudo kasua
2013ko urtarrilean jaso zuen Cabezudok haren aurkako lehenengo salaketa: Cabezudok argazkiak egin zizkion emakume batek salatu zuen orduan, iruzurra, sekretuak agerraraztea eta irain egitea leporatuta. Pixkanaka, halako salaketa gehiago jartzen eta biktima gehiago azaleratzen hasi ziren. 2018ko udaberrian oraindik kalean zegoen, nahiz eta ordurako dagoeneko bederatzi aldiz hartu zion deklarazioa epaileak. Soilik epailea aldatu zutenean sartu zuten espetxera. Dagoeneko hainbat zigor txiki jaso ditu Cabezudok, besteak beste, salatzaileetako batzuen argazkiak Internetetik ez kentzeagatik, epaileak hala agindu ondoren.
Auzibidearen instrukzioan jasota dagoenez, kasu gehienetan, Cabezudok kontratu bat sinatzen zuen modeloekin, eta argazki saioetan biluzteko esaten zien, hitzemanez argazkietan ez zirela euren sexu organoak ikusiko. Ordea, ordainpeko webgune pornografikoetan jartzen zituen irudi horiek, emakumeei baimena eskatu gabe. Gainera, argazki saio batzuk hainbat emakumeri sexu erasoak egiteko baliatu zituen.