Lilatoiak Donostiako kaleak bete ditu berriz ere
2021ean modu birtualean egin behar izan ostean, aurten Lilatoia bere horretan itzuli da Donostiara, 32. urtez. 5.000 emakume inguruk hiriko kaleak bete dituzte, Donostiako Atletikok antolatutako herri lasterketan parte hartzeko. 5.000 emakume horien artean, Hitza taldeko 60 bat zeuden, hamaikagarrenez taldea osatu baitu IRUTXULOKO HITZAk, beste eskualdeetako Hitzekin batera.
Euriari aurre eginez, goizean goizetik Bulebarra emakumez lepo egon da, eta asko izan dira zunba saioarekin beroketak egitera animatu direnak. Pixkanaka, euria egiteari utzi dio, eta, azkenean, eguzki izpi batzuk ere izan dituzte. Euri ala eguzki, giro ederrean egin dute lasterketa, ingurukoen txaloen artean.
Lehenengo sailkatuak, Aratz Rodriguez Bilbaok, hamazazpi minututan egin ditu ibilbidearen bost kilometroak, baina jakina da Lilatoian sailkapena gutxienekoa dela, herri lasterketa aldarrikatzailea baita, eta parte-hartzaile gehienak ordu erdiaren bueltan heldu dira helmugara. Amaieran, besarkadak, argazkiak eta elkarren arteko zorion oihuak izan dira nagusi.
Euro solidarioa, Why Notentzat
Izen emateak 12 euroko prezioa izan du aurten, Donostiako Atletikok euro solidarioa gaineratu dio baitu, Why Not fundazioarentzat dirua biltzeko helburuarekin. Buruko gaitzak dituzten pertsonen eta haien senideen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten du fundazio horrek.
Jarraian, Joseba Parron San Sebastian argazkilariak Lilatoian egindako argazkien bilduma: