Donostiak erreferente izaten jarraitzen du emakumeen kirolean
Donostia lider eta erreferente bihurtu du berriro ere Donostia Kirolak Estatuan kategoria goreneko emakumezkoen kirolari buruz urtero egiten duen azterlanak. Duela bederatzi urtetik egiten den ikerketa honetan taldeko kirol modalitateetan (futbola, saskibaloia, eskubaloia, hockeya, boleibola, waterpoloa, errugbia, izotz-hockeya, softbola, areto-futbola, arrauna eta curlinga) parte hartzen duten taldeak aztertu dira, baita atletismoa eta igeriketa ere, hauetan kluben liga egiten baita.
Aztertutako hamalau kirol modalitateetatik zortzitan ditu ordezkariak Donostiak, eta guztira bederatzi emakumezko talde daude kategoria gorenean: BeraBera eskubaloian, Reala belar hockeyan eta futbolean, Ibaeta (IDK-Euskotren), Atletico SS atletismoan, Txuri Urdin izotz hockyan, Txuri Berri curlingen eta Arraun lagunak eta Donostiarra arraunketan. Elitean emakumezkoen talderen bat duten Estatuko 83 udalerrien zerrendan bigarren postuan dago Donostia (kopuru absolutuan), eta Bartzelonak bakarrik gainditzen du, hamar talde baititu, Donostiak baino bat gehiago.
Udalerri bakoitzeko biztanleriarekin alderatuta, eliteko emakumezko taldeen kopurua aztertuz gero, Donostiak probintziako hiriburuen arteko lehen lekuari eusten dio -20.900 biztanleko talde bateko ratioa-, eta alde handia dago talde kopuruaren arabera lehen hiriarekiko, Bartzelonarekiko, 163.763 biztanleko talde bat baitu.
Euskal Herriko gainerako hiriburuei dagokionez, Donostia sailkapeneko lehen postuan dago, bai talde kopuru absolutuari dagokionez eta baita talde bakoitzeko biztanle ratioari dagokionez ere. Gasteiz (lau talde elitean 63.263 biztanleko ratioa talde bakoitzeko) da Donostiara gehien hurbiltzen den hiriburua, jarraian Iruña (203.081 biztanle/taldeko) eta Bilbo (346.405 biztanle/taldeko) daude, maila gorenean emakumezko talde bakarra dutenak.