Kote Cabezudok ez ditu akusazio partikularraren galderak erantzungo
Gaur goizean egin dute Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren kontrako epaiketaren lehen saioa, Donostiako Gipuzkoako Auzitegian. Epaiketa, ordea, bihar hasiko da, bi aldeek hainbat eskakizun egin ostean. Cabezudok aurreratu du ez dituela Mario Diez akusazio partikularreko abokatuaren galderei erantzungo. Hain zuzen ere, Diezek atzo prentsa agerraldi bat egin zuen atzo kasuaren errepasoa egiteko eta hainbat irregulartasun salatzeko.
Epaitegi aurrean protesta egin du Kote Cabezudoren Biktimentzat Justizia plataformak Indarka taldearekin batera. Cabezudoren aurka gogor egin dute, eta akusatzaile diren emakumeei babesa adierazi diete. Hain zuzen ere, emakumeen aurkako sexu abusuekin lotutako 32 delitu egozten dizkiote, eta fiskalak 121 urteko kartzela zigorra eskatzen du argazkilariarentzat; Diezek, aldiz, 2.338 urtekoa.
Berria egunkariak lehen saioaren jarraipena egin du, eta defentsaren zein akusazioaren eskaeren berri eman du. Defentsak egindako bi eskari aztertu behar ditu epaitegiak. Batetik, adierazi dute akusatzaileetako bati egindako kontratuak aurkeztu nahi dituztela orain epaiketara. Akusazioak adierazi du agiri hori onartu aurretik argitu nahi duela benetakoa den, gogora ekarrita aurrez Cabezudo zigortuta dagoela jada agiri faltsuak aurkezteagatik. Defentsak eskatu du, halaber, orain arte auzibidean agertu gabeko pertsona baten lekukotasuna; Cabezudoren hainbat argazki saiotan parte hartu zuela esan dute, eta haren lekukotasuna egokitzat dutela. Akusazioak, ordea, denbora eskatu du, lekuko hori benetan nor den argitze aldera. Liburu batzuk ere sartu nahi ditu orain sumarioan defentsak; gizon eta andreei biluzik egindako erretratuekin egindako liburuak dira.