Otaegi eta Unanue curlingeko Espainiako txapeldunak dira berriz ere

Txuri-Berri curling taldeko Oihane Otaegi eta Mikel Unanue donostiarrek Espainiako txapelketa irabazi dute laugarrenez. Asteburuan lehiatu dira bikote mistoen Espainiako txapelketako fase finala Jacan, eta, aurten ere, donostiarrak gailendu dira, finalean Iparpolo Bikobiko Irantzu eta Gontzal Garciari 6-5 irabazita.
Otaegik eta Unanuek denboraldi bikaina egin dute, lehenengo fasea bigarren postuan amaituz, zortzi neurketa irabazita eta soilik bat galduta. Finalerdietan Jacaren aurka jokatu zuten, eta aise irabazi zuten: 12-4. Iaz gertatu zen moduan, Iparpolo Bikobiren aurka jokatu zuten finala, eta iaz gertatu zen moduan, titulua Donostiara etorri zen.